Ion Mayordomo Sobrino

«Jendeak gure diskoari buruz duen iritzia aditzeko gogotsu gaude»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 28a, 08:00
Audio ikasketak egiten ari da Ion Mayordomo.

Ion MAYORDOMO SOBRINO, Pleura musika taldeko gitarra-jotzailea.

Musika aditzeko, jotzeko eta sortzeko grina handia du Ion Mayordomok, baita Pleura taldeko gainerako musikariek ere. Horri tiraka, azaro hasmentan 'Bakarrilketa' diskoa plazaratu zuten.

Musika eskolan ikasitakoari Olaia Intziarterekin batera osatutako Lamia taldean eman zion segida Ion Mayordomok (Elizondo, 2000). Partiturak irakurri eta interpretatzeaz haraindi, sormenari ateak ireki zizkion bikoteak. Gerora, ahots eta gitarra doinuak aski ez eta tresna eta baliabide gehiagoren bila jo zuten eta 2018an Pleura taldea sortu zuten. Folk estiloa utzi eta rock-metalean murgilduta, Bakarrilketa lana plazaratu berri dute. Estatu Batuetako Takoma irratiak, rock alternatiboaren barne, 2020ko disko hoberena izateko hautagaien barne sartu du eta bozketa martxan da. Diskoa zabaldu eta kontzertuak hitzartu bitartean, musika lantzen, gozatzen eta trebatzen segituko du taldeak. 

Zure egunerokoaren zati handi bat musikak hartzen du...

Bai, Pleura taldeko gitarra-jotzailea naiz eta Iruñean audio ikasketak egiten ari naiz, goi mailako ziklo bat. Bata bertzearekin ongi uztartzen dira. Ikasketek nahasketak egiteko balio didate. Musikari bezala ona da niretako, bertze ikuspuntu bat ematen didalako. 

Noiztik duzu musikarekiko lotura hori?

Ttikitan solfeoa ikasten hasi nintzen, ikastolako lagunekin batera. Sei urterekin hasi nintzen, saxofoia jotzen. Saxofoia eta solfeoa akitu nituelarik, gitarrarekin hasi nintzen. Betidanik gitarra jo nahi izan nuen, gustuko nuelako. Duela bospasei urte jotzen hasi nintzen.

«Bakarrilketa diskoak kritika soziala du ardatz»

Hasieran Olaia Intziarterekin batera Lamia taldea sortu zenuen… Nola sortu zen Lamia? 

Olaia Intziarterekin elkartu eta entseiatzen hasi nintzen. Aspalditik ezagutzen genuen elkar, zazpi-zortzi urtetatik musika eskolara elkarrekin joaten baikinen. Berak pianoa jotzen zuen eta biek batera gitarra bat erosi genuen, jotzen ikasteko asmoz. Momentu horretan, konposatzeko eta bertsioak egiteko elkartzen hasi ginen eta hortik sortu zen Lamia.

Nola oroitzen dituzu hasierako pausoak?

Elkarrekin kontzerturen bat eman genuen, baina arras inprobisatua izan zen. Dena akorde batzuen gainean jotzen genuen, eta horien gainean sortzen saiatzen ginen. Nahiko libreki aritzen ginen, denbora- pasatzat hartua genuen eta ez genuen talde bat eratzeko helbururik. Hala ere, oroitzapen ona dut, inprobisazioa landu genuelako. Musika eskolan bereziki partiturak irakurtzen ikasten da eta ordu horiek konposizio aldetik onuragarriak izan ziren. Gustua hartu genion eta gehiago jotzen hasi ginen. Pixkanaka, taldea haunditu nahi izan genuen eta, tresna eta baliabide gehiago izateko, Pleura sortu genuen.

Lamia taldearen segida al da Pleura?

Hasiera batean ez genuen argi segida izan behar zuen edo ez… Orain nahiko argi dugu. Esentzia hor dagoen arren, ez du loturarik. Lautik bi Lamia taldekoak gara baina ez du zerikusi haundirik. Lamia folk estiloko taldea zen eta hau rock-metal estilokoa da.

Nola elkartu zineten?

Unai Urrozi deitu nion, hirurok hutsetik sortzen hasi ginen eta beranduago baxu-jolea sartu zen. Bertze batzuekin proba egin genuen, baina denbora faltagatik utzi zuten eta Julen Ceballos hasi zen. Lehenbiziko kontzertua 2019an eman genuen Elizondon egin zen Borobileko ertzetik jaialdian. Jaialdiko kanta bera ere guk egin genuen. Hasiera polita izan zen.

Pleura musika taldeak euren lehenbiziko lana plazaratu berri du.

Lehenbiziko diskoa argitaratu berri duzue...

Bai. Hasieratik gure kantak egiten hasi ginenez, diskoa grabatzea pentsatua genuen. 13-14 kanta genituela ikusi genuenean –beti baten bat gehiago behar izaten baita– pausoa emateko momentua zelakoan geunden. Gai batean zentratu eta forma emateari ekin genion.

‘Bakarrilketa’. Nondik heldu da diskoaren izenburua?

Diskoak hainbat arlotako kritika soziala du ardatz, pertsonarengan duen eragina… Hortik bakarrizketa eta hilketa hitzak harilkatu genituen.

Zer da entzuleak diskoan harrapatuko duena?

Trantsizio aunitzen artean,  gitarren eta ahotsen arteko lotura. Musikari dagokionez, gogorretik lasairako aldaketak nabarmenduko nituzke. Letrei dagokionez, berriz, musikari eta sortzaile bezala gizarteari egiten diogun kritika. Osasun mentalari dagokionez dauden arazoak, gizarteak eragindako presioa, egoera politikoa… lantzen ditugu, egunerokoan presente izan arren, eta beharrezko garrantzirik ez dutenak. Letra guztiak euskaraz egin ditugu. Argi genuen euskaraz egin nahi genuela.

Noiz hasi zineten grabaketekin?

2019an, Eguberrietan. Berez martxo-apirilean argitaratzea pentsatua genuen baina koronabirusagatik gibelatu egin genuen. Ez zuen zentzurik diskoa ateratzeak kontzerturik ez jotzeko. Orain egoera bertsuan gaude, ez dut uste kontzertu aunitzik izanen dugunik, baten bat izanez gero kontent. Konposatzen hasi gara, talde gisa garapen bat izan dugu eta ia urtebete diskoarekin bueltaka ibili ondotik, momentu ona dela uste dugu. Ezin dugu gehiago gibelatu, jendeak gure lana aditzeko gogotsu gaude. Euren iritzia jakin nahi dugu.

Tartean Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartu zenuten eta hori entzuleengana ailegatzeko baliagarria izan da. Zer nolako harrera izan zuen kantak?

Euskal Herrian jendeari egindako lanaren berri emateko eta ikusarazteko aukera ona da eta hori baliatu nahi izan genuen. Irabazi bagenu hobe baina… Diskoa prest genuen ordurako, eta etenaldi gisako momentua zenez, lehiaketan izena eman genuen. Harrera ona izan zuen. Orain arte diskoak ere hala izan du. Egia erran kontent gaude.

Prozesu horretan osasun egoera ez duzue aldeko izan, baina herritarren babesa sumatu duzuela nabarmendu duzu...

Jendeak eskertzen duela iruditzen zait. Gazte sortzaileak laguntzeko prest daude. Eskualdean ez dugu jotzeko arazorik izan, beti izan dugu aukera eta, zentzu horretan, herriko eta inguruko jendeak lagundu digulakoan nago.

«Jendea gazte sortzaileak laguntzeko prest dago»

Zenbat emanaldi galdu dituzue koronabirusaren ondorioz?

Lauzpabortz kontzertu genituen hitzartuak… Hala ere, diskoa ateratzeko prestatzen aritu gara eta... gaitz erdi! Denbora hori diskoa lantzeko baliatu dugu.

Nola egin diozue aurre grabaketa kostuei?

Kontzertuetan irabazi dugun diruarekin eta norbere sakeletik. Guretzat inbertsioa izan da, horren aldeko apustua egin dugu. Gustura egin dugu, gure pasioa da eta nahi dugulako egiten dugu, baina egia da gastu hori egiteak eta astero entseatzeko biltzea esfortzu eta konpromiso handia dela…

Berandu baina ailegatu da diskoa… Noiz plazaratu zenuten?

Azaroaren 3an. Atera aitzinetik sare sozialen bidez eta e-mailez Euskal Herriko hainbat txokotatik eskatzen hasi ziren. Egia erran erantzun ona izan du. Tartean, Valentziako Maldito Records disketxearekin lanean hasi ginen eta ikusgarritasuna lortu dugu, entzule gehiagorengana ailegatzeko bide eman digu. Kontent gaude.

Aitzinera begira zein da zuen asmoa?

Momentuz diskoa atera dugu eta kantak sortzen segitzen dugu. Ea egoera hobetu, kontzertuak hasi eta sektorea hobetzen den!

Bakarrilketa diskoa

Olaia Intziarte oronoz-mugairiarrak, Unai Urroz doneztebarrak, Julen Ceballos leitzarrak eta Ion Mayordomo elizondoarrak plazaraturiko lehenbiziko diskoa da Bakarrilketa.

Gai sozialak ardatz dituzten hamaika kantek osatzen dute ukitu metaleroa eta bluseroa duen rock estiloko lana: 'Hasiera', 'Nun zabiltza', 'Errainua solte', 'Grixak', 'Bakarrilketa II', '+/-', 'Larru onaren truke', 'Aitzinago zaude', 'Soketan', 'Deathcrush' eta 'Lokaleko argiak'. Kantaz kanta musika askatasuna, bakardadea, komunikazioa, sormena eta aunitzez gehiago dela erakutsi dute. Youtube kanalean eta plataforma digital guztietan aditu daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun