Baztango Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu 'Europako Hondakinen Prebentziorako astea'ren baitan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 20a, 21:00

Europako hondakinen prebentziorako astea baliatuz eta hainbat kasutan bertako komertzioekin elkarlanean, Baztango Udalak hainbat sentsibilizazio ekintza antolatu ditu heldu diren egunetarako. Ekintza hauek jendartea hondakinen prebentzioaz ohartarazi, kontzientzia piztu eta gure eguneroko bizitzan praktikan jartzeko baliabideak eskaintzea dute helburu.

Baztango udalak hondakinen prebentzioaren inguruko hainbat ekintza burutuko ditu ondoko egunetan. Ekintza hauek Europako Hondakinen prebentziorako astearen baitan antolatu ditu, azaroaren 21a eta 29a bitarteko astean. Mundu mailan ospatzen den aste honen harira eta erran bezala, gaiak gaur egun bizi dugun egoeraren aitzinean hartzen duen garrantzi berezia ikusirik, Udalak baztandar guztiak ekintzetan parte hartzera, zabaltzen diren mezuen inguruko erreflexioa egitera eta gure eguneroko bizitzan ohitura jasangarriak aplikatzera animatu nahi ditu.

Ibaietako bertze arrainak erakusketa

Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren eskaintzari esker eta Bertan merkatarien eta zerbitzuen elkartearen laguntzaz, egurrezko 15 panelekin osaturiko erakusketa hau Baztanen izanen dute ikusgai hilabete batez. Ekimen honek herritarrei gaur egungo kontsumo ereduak eta sortzen diren hondakinak ongi ez kudeatzeak sortzen ahal dituen arazoetaz ohartarazi nahi du.

Aste honetan hondakinik gabeko erosketek saria izanen dute

Aste honetan egiten diren erosketetan tuperrak erabiltzea eta beharrezkoak ez diren bildukiak saihesteak sariak izanen ditu.

Elikagaiak garraiatzeko karrotxoen banaketa

Nafarroako Hondakinen Prebentziorako bulegoaren aportazioari esker baliabide urriko familiei produktuak garraiatzeko erosketa karrotxoak banatuko zaizkie.

Plastikorik gabeko astea ikastetxeetan

Baztango Udalak bertako ikastetxeak kontzientziazio ariketa berezi bat egitera bultzatuko ditu. Eginkizun honetarako, Donostiako Cristina Enea Fundaziotik jasotako proposamen bat baliatuko dute.

2021eko Hondakinen Egutegiaren banaketa

2021eko Hondakinen Egutegiak ikastetxeen bitartez banatuko dira. Bertzalde, egutegiak Balleko Etxean eta Bertaneko dendetan ere eskuratzeko aukera izanen da.

Prebentzioa haur sortuberrietan

Hondakinen prebentzioa haur sortuberrietan eskuorria ere prestatu du Baztango udalak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun