Datue poligonoaren gibelaldeko zabor isurketak eta portaera desegokiak saihesteko, sarbidea herstea erabaki du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 19a, 12:00

Azken urtean hainbat herritarren aldetik ikusi dituzten portaera desegokiek eraman dute Baztango Udala halako erabakia hartzera

Lehendik Arizkungo Ordoki poligonoan gertatu zen bezala, oraingoan Elizondoko Datue poligonoko gibelaldean gertatu da. Datuen zabor bakoitza bere tokian biltzeko edukiontziak jarri zituen Hondakinen Zerbitzuak eta herritar aunitzek puntua bera eta edukiontzi hauek behar den bezala erabiltzen bazituzten ere, geroz eta gehiago izan dira toki hori edozein zabor klase eta nolanahi botatzeko baliatu dutenak.

Karrikako puntuetan aurki ditzakegun edukiontziez gain, Datuen, etxeetako eta komertzioetako egurrezko hondakinak eta komertzioetako film edo enbalaje plastikoa biltzeko edukiontzi handiak daude. Edukiontzi horiek ez dira industria edo aktibitate ekonomiko espezifikoetan sortzen diren hondakinak biltzeko, hondakin horien kudeaketa (eta ondorioz bere kostua) aktibitate edo enpresa horren titularrari bait dagokio.

Azken aldian ikusi dutenez, edukiontzi handi hauek alde batetik zenbait industri aktibitatek beren mesedetarako erabiltzea erabaki dute. Berdina gertatu da hainbat eraikuntza enpresa eta partikularrekin. Hauetako batzuk ere Datue poligonoa baliatu baitute edozein obra hondakin botatzeko. Portaera desegoki hauek gune horren gainerako erabiltzaileen gain eta poligonoko bertze nabeetako jabeen gain begibistako arazoak sortu ditu. Horrez gain, pertsona batzuk Udalak traste handien bilketarako duen zerbitzua erabili beharrean, puntu hau baliatu dute beren etxeko moble zahar, koltxoi, hozkailu, komun eta gisakoak botatzeko.

Arazoa gero eta larriago bihurtzen ari dela ikusita, zuzenki kaltetutako nabeen jabeekin solastu ondotik eta beraien iritzia kontuan izanik, zonaldea ibilgailu ez baimenduei ixteko erabakia hartu da. Behin sarrera itxita, ingurua garbitu du Udalak.

Ondorioz, joan den asteaz geroztik, inguru hori ibilgailuei hertsita eta bideoz zaindua dago. Gainera, hemendik aitzinera hor zaborra botatzeko oinez sartu beharko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun