Ikasleen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea eginen dute gaur Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2020ko azaroaren 17a

Ikama ikasle taldea bere aurkezpen egunean.

Ikasgeletara itzuli direnetik «erantzunik gabeko hamaika zalantza» izan dituztela adirazi dute eta agintariek «zenbait neurri »hartu badituzte ere «bertze behin, ikasleak bigarren plano batean utzi» dituztela salatu dute.

Ikamak, Ikasleen Nazioarteko Egunaren harirat, ikasleen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea eginen du gaur. Lekarozko institutuan bilduko dira, bigarren atsedenaldian, 13:00etan, estankean.

Euskal Herriko lurralde bakoitzean gazteek «neurri autoritario» ezberdinak jasan behar izaten dituztela argudiatu dute «Nafarroan ezinezkoa zaigu gure jardun politikoa aitzinera eramatea biltzeko eskubidea ukatu izan baitzaigu, Ipar Euskal Herriko etxeratze agindu orokorrarekin ikasleon erdia klasetik etxera eta etxetik klasera joan gaitezke bakarrik eta EAEn, espazio publiko zein pribatuan gehienez sei pertsona bildu gaitezke».

Egoera hau kontuan izanik, ikasturte hasieran egindako aldarrikapen berak eskatzen jarraitzen dute:

  • Ikasleen ratioak jaistea eta espazioa berrantolatzea.
  • Baliabide guztiak ikasleen eskura jarri eta hauen doakotasuna bermatzea.
  • Hezkuntza eremuan pairatzen duten kontrol soziala, Covid-19aren testuinguruan areagotu dena, desagerraraztea.
  • Hezkuntza eremuan hartzen diren erabakiak ikasleekin partekatzea.
  • Euskaraz bizi eta ikasteko beharrezko diren bitartekoak eskaintzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun