Elizondoko zaharren egoitzako langileek «bigarren mailako langiletzat dituztela» salatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 16a, 19:30

Langileen Batzordeak bidalitako ohar baten bitartez, ELA eta LAB sindikatuek Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileek jasaten dituzten gabeziak salatu dituzte.

2020ko martxoaz geroztik Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileek «jada eskasak ziren lan baldintzak okertzen ikusi» dituztela azaldu dute oharrean. Langileek «behar zuen lekuan egoten jakin ez duen zuzendaritza» izan dutela salatu dute, baita langileak izan zirela prebentzio-neurriak hartu behar izan zituztenak ere. «Prebentzio-neurri eskasen emaitza 16 langile eta 76 egoiliarrek Covid-19an positibo ematea» izan zela argitu dute.

Sindikatuen hitzetan, pandemia honek «argi utzi du enpresarentzat bigarren mailako langileak garela, zuzendaritzaren arabera 'ez baitzarete sanitarioak'» eta honek «beraien lan prekarietatea areagotu» egin du. Langileak kexu dira zuzendaritzaren utzikeria beraiek kudeatu behar izan dutelako: «oporrak gozatzeari utzi diegu, zor zizkiguten gehiegizko orduak hartu gabe utzi ditugu, egiteke genituen jaiegunei uko egin diegu, eta, azken finean, dena eman dugu». Egoiliarren heriotzek nahiz eguneroko kaosak «sufrimendu handia» eragin diela aitortu dute eta «egun batean 23 lekualdatze egiteraino ailegatu ginela» plazaratu dute. Orain, lehen aldiz, enpresak iniziatiba erakutsi duela erran dute sindikatuek, baina «oraindik langile gutxiagorekin lan egin eta dagozkigun zeregin guziak gauzatu behar ditugula errateko; guztiz irreala dena». 

Oharrean Covid-19 pandemia aitzineko egoera, langileei dagokionez, «jada eskasa» zela diote, «beti minimoekin lan eginez» aritu direlako. «Ratioaren gainetik gaudela erraten ziguten eta erraten segitzen dute, baina, zein ratioren gainetik? Akordio-markoak ezartzen duenaren gainetik? Akordio horretatik kanpo gaude, enpresak, alde bakarrez erabaki zuelako ez zela plaza horietara aurkeztuko. Plaza kontzertatu horiek Nafarroako Gobernuak eman ez zizkietela adierazi ziguten, eskatu ez zituztela erran gabe».

«Urte bakar batean hiru gertakari larri gertatu dira eta guztietan zuzendaritzak erantzukizuna bere gain hartzeari uko egin dio»

Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileen batzordea

Era berean, denbora luzez zuzendaritzak langileei «antolatzen ez genekiela» aurpegiratu izan diela salatu dute. Enpresa honek ia 12 urte daramatza Elizondoko egoitza kudeatzen eta «inoiz ez da lanpostuak antolatzeaz arduratu». «Orain, gainera, gutxiengoaren azpitik lan egin behar dugu; sekzio batzuetan, hurrengo urtera arte zor dizkiguten gehiegizko orduak eta jaiegunak ez hartzeko eskatu digute, oinarrizko eskubideak urratuz». Ez hori bakarrik «gehiegizko orduak hartzen diren kasuetan edo bajen kasuetan, lanpostuak ez dira ordezkatzen; gainera, hainbat lanpostu finko ez dituzte promoziora ateratzen eta honek egoera gehiago okertzen du».

Urte bakar batean «hiru gertakari larri» gertatu direla adierazi dute eta guztietan zuzendaritzak erantzukizuna bere gain hartzeari uko egin diola aipatu dute «langilearen errua» dela justifikatuz.

Enpresaren aldetik langileen eta egoiliarren baldintzekiko kezka «hutsaren hurrengoa dela» azpimarratu nahi izan dute eta irailean egin zen laneko arriskuen prebentzioko bilerak «20 minutu» ez zituela iraun argitu dute.

«Zuzendaritzari kezka eragin dion bakarra 20 ohatze hutsik izatea izan da»

Francisco Joaquin Iriarte zaharren egoitzako langileen batzordea

Zuzendaritzari kezka eragin zion bakarra «20 ohatze hutsik» izatea izan dela aipatu dute, «pandemiak egoiliarren artean eragindako narridura kontuan izan gabe». Covid-19aren aitzinetik autonomoak zirenak, jada ez direla ohartarazi dute, «gaixotasunak eta behartutako konfinamenduak ondorioak utzi dizkietela» adieraziz. Gainera, «ohiko beharrak asetzeko zainketez aparte, alor emozionaleko beharrak areagotu direnez, beraiekin denbora gehiago» pasa behar izaten dute langileek. «Horren ordez, lasterka gabiltza inposatutako lan guziak egin ahal izateko; baina hau ezinezkoa da, ez gara dagozkigun lan guziak egitera ailegatzen eta dirudienez, zuzendaritzari ez zaio hau inporta. Inporta zaiena, itxuraz, dena egoera perfektuan egotea da, eta ez aitatxi horrek kontsolamendua edo paseo bat ematea behar ote duen».

Egoera honetan «gure lan baldintzak izoztu egin dira, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatu egin baita; azkena 2016-2018koa dela» salatu dute. Enpresari negoziazio-mahaian esertzea urtebete kosta zitzaiola argudiatu dute.

Azkenik «behin eta berriz» errepikatzearen poderioz, enpresa negoziazio mahaira ekartzea lortu zuten, baina «2020ko otsaileko bileran eskatutako guztia ukatu» zietela salatu dute, «arrazoi ekonomikoak» zirela medio. «Ekainean gai sozialen aldeko hautua egiteko eskatu ziguten, eragin ekonomikoa zuen oro baztertuko zutelako; bada, urrian proposamen sozialak aurkeztu ziren, eta hura ere ez omen zen momentu egokia. Edozein negoziazio mota 2021eko otsailera arte gibelatu digute. Otsailean ez zegoen dirurik, pandemiaren ondotik ez zegoen dirurik, datorren urtean ez da dirurik egonen. Zer egonen da? Kobratu gabe lan egitea? Murrizketa gehiago? Kaleratzeak?», adierazi dute Elizondoko zahar etxeko langileen batzordetik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun