Baztango Geroa Bai kontent dago Arizkungo Pertalatsen egin den bide-konponketarekin

Ttipi-Ttapa 2020ko azaroaren 16a

Bide batez, lanak iraun bitartean barrideek izandako pazientzia eskertu nahi izan dute.

Pertalatseko barrideei eta bertze batzuei NA-2601 errepidera ateratzeko bidea hobetu eta hormigoiztatzeko lanak hilabete honetan akitu dituzte. Koalizioak gogorarazi duenez «Geroa Baik Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketa nominatibo bati esker egin da hobekuntza hau».

Baztango Geroa Baik jakitera eman duenez, obrari esker erraztu egiten da barrideen eguneroko joan-etorria, hemendik aitzinera errepidera bide horretatik zuzenean ateratzeko aukera izanen baitute herritik pasatu beharrik gabe.

Geroa Baik azpimarratu du obra egin baino lehen bide hori arras egoera txarrean zegoela eta ezin zela edozein auto pasatu. «Maiz, bide horretan ibili behar zutenek, zuloren batean sartu eta autoen azpietan kalteak eta ezbeharrak izan dituzte». Obrek iraun duten bitartean barrideek izan duten «pazientzia» eta «enpresaren lan ona» azpimarratu du Geroa Baik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun