Fermin BARAZABAL IRIGOIEN

«Bertako produktua gehiago baloratu beharko litzateke»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 13a, 14:00
Piriniotar arrazako behien artean izan den handienetarikoa gizendu du azpilkuetarrak.

Fermin BARAZABAL IRIGOIEN, Azpilkuetako abeltzaina.

Ameriketan artzain ibili zen eta Euskal Herrian unai dabil Fermin Barazabal Irigoien (Azpilkueta, 1948). 1975ean, herrira bueltatu zenean, etxekoei segida eman nahian behi piriniotarrekin aitzinera egitea erabaki zuen: «fabrikako lanetik kanpo egiten nituen lanak». Hogei buru ingururekin hasi zen eta, gaur egun, afizioari eusten dio.

Mundu horretaz gozatzeko eta aitzinera egiteko, lan handia egina da baztandarra. Izan ere, 1964az geroztik behi- azienda piriniotarraren lehiaketa-enkantean parte hartu du: «hasmentan behiak eramaten nituen eta antolatzen laguntzen nuen. Azken 35 urteetan, berriz, antolakuntzan aritu naiz». Ez da nolanahikoa «dirulaguntzak biltzen, lekua prestatzen eta hornitzen» egiten duten lana. Baina, gaineratu duenez, horretarako, Baztango Udalaren «laguntza handia» izaten dute.

Urtez urte, udazkeneko lehiaketa-enkanteak izan duen bilakaera positiboki baloratu du Barazabalek. Kantitateak beheiti eginagatik, kalitatea hobetu dela sumatu du: «lehiaketa 500 buru izatera ailegatu izan da eta krisiaren ondorioz, 300 ingurura jaitsi zen. Hala ere, sekulako kalitatea ikusten da, urtetik urtera maila handiagoa da».

Aurten ez udaberriko, ez udazkeneko, ez enkanterik ez da izan. Horren falta nabaria izan da: «enkantean jende aunitz elkartzen da eta zonaldeari mugimendua emateaz gain, feriak salerosketa bultzatzeko lagungarri dira...». Birusak agertokirik gabe utzi ditu aziendak, eta, zoritxarrez, ez da hori izan eragin duen kalte bakarra: «prezioa %15 jaitsi da...».

«Enkanteko aziendaren kalitatea urtetik urtera hobea da»

Azpilkuetarraren arabera, abeltzaintza hondarreko urteetan «gibelerat» egin duen sektorea da. Horrek bereziki «nekazaritzatik bizi direnegan» eragin zuzena du eta hauek babesteko «dirulaguntzak haiendako bakarrik» izan beharko liratekeela eta «kopuruari baino azienda kalitateari» erreparatu beharko lioketela iduritzen zaio. 

Kalitatea

Kalitatea izan du berak oinarri eta horri begira zaintzen ditu egun dituen «hamar buruak». Bata bertzea baino ederragoak dituen arren, izan du bere handitasunagatik nabarmendu denik: «azaro hasieran inoiz izan dudan handiena kendu nuen, 1.200 kilo ingurukoa». Piriniotar arrazako behia dela kontuan hartuz, handienetarikoa da berea: «blonda, txaloresa eta bertze arraza batzuetakoak handiagoak izaten dira, hezur handiagoa izaten dute, eskeleto handiagoa eta arraza horietan haragi gehiago saltzen da. Piriniotarren artean nik ez dut horren handirik ezagutu...».

Gaineratu duenez, ez da nolanahi gizendua izan: «pentsu hoberena eman diot, naturala, garbia, eta mimo aunitzez zaindu dut». Hasmentan «egunean 15 kilo pentsu eta azken aldian sei bat» eman dizkio eta «geldiago egoteko eta haragi hobea izateko», barrenean gizendu du: «belaian ibiliz gero haragia zailagoa da eta, noski, pentsuaren kalitateak garrantzi berezia du». Horrez gain, «kamaina gure ohatzearen parekoa izan da, lastoz egindakoa».

«Dirulaguntzak aziendetatik bizi direnendako izan behar dira»

Behiak gizentzea gustuko du Barazabalek eta urtero «baten bat» gizentzen du. Azken hori, Nafarroako kooperatibara saldu du. Eta, gaur- gaurkoz, saltzeko arazorik izan ez duen arren, bertako aziendaren etorkizuna ez du nahiko lukeen bezala ikusten Barazabalek: «bertako produktua gehiago baloratu beharko litzateke».

Berak, ahal duen heinean, horri eutsi nahi dio: «behi horren lau ume ditugu etxean eta horietako bat zikiratu eta idia egin behar dut. Ongi banago behintzat 1.500 kiloko idia egin nahi dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun