Baztanen 'Haurtzaro eta Prebentzio' programaren harirat hainbat ekitaldi antolatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 12a, 09:00
Baztango umeek hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izanen dute.

Haurtzaro eta Prebentzio programaren baitan Baztango Gizarte Zerbitzuak azaroan eta abenduan hainbat ekintza antolatu ditu.

Azaroaren 20an hasi eta urtarrilaren 5a bitarte hainbat ekitaldi nahiz tailer antolatu dituzte. Haur txokoa izan ezik, bertze guztiak dohainik izanen dira eta edukiera mugatua izanen denez, aurretik izen-eman beharko da 689 03 50 78 telefonoan. Hitzordu guztiak 17:00etan izanen dira.

Motxilaren Umea

Lehenik eta behin, Azaroaren 20an Arizkunenea kultur etxean, haurren eskubideen nazioarteko eguna dela aprobetxatuz, Motxilaren Umea dokumental pedagogikoaren proiekzioa eginen dute. 

Printzesa edo igela, nire aukera!

Bestetik, azaroaren 26an Arizkunenea kultur etxean, printzesa edo igela, nire aukera! haurrentzako ipuin-antzeztua izanen dute. Ikuskizun hau Conchi eta Maite Redinek, Adriana Olmedok eta Ainhoa Ruizek osatutako T Diferencia taldeak eskainiko du.

Jostailu bilketa

Abenduaren 14tik 18ra, 9:00etatik 13:00etara, jostailu bilketa solidarioa eginen da Baztango Gizarte Zerbitzuan. Jasotako jostailuak egoera ahulean dauden familien artean banatuko dira eta jostailuak egoera onean eramatea eskatzen da. Ohar gisa, banatu baino lehen, jostailu guztiak desinfektatu eginen direla adierazi dute.

Ongi etorri lagun!

Abenduaren 18an Zirtaka antzerki taldearen Ongi etorri lagun! emanaldia antolatu dute non, modu dibertigarri batez, kulturartekotasuna eta integrazioa lantzea izanen den helburua. 

Baztango Haur Txokoa

Azkenik, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era urteroko haur txokoa antolatu dute. Ordutegia 10:00etatik 13:00etara izanen da eta lekua, aldiz, Elizondoko lanbide eskola. 3-12 urte bitarteko haurrentzat zuzendua dago eta taldea aitzina ateratzeko gutxienez 10, eta gehienez 20 umek izen-eman behar dute. Izen-ematea gizartehezitzailea2@baztan.eus e-Postan egin daiteke abenduaren 21a baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun