LOREA ARROABARREN

«Norberak bere burua onartu eta maitatzen ikasi behar du»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 14a, 09:00

Bertze garai batean jaio baldin bazen Queen taldeko kideei argazki sesio bat egitea gustatuko litzaioke.

Lorea ARROABARREN, gazte elizondoarra.

Elizondon sortu eta urte batzuez, ikasketak zirela medio, Madrilen bizi izan den neska alaia da Lorea. Argazkilaritza anitz maite du eta lagunekin pasatzen dituen orduak anitz estimatzen dituela adierazi du.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?

Neska lasai eta alaia, nere lagun eta familiagatik edozer egiteko prest dagoena.

Zein dira zure zaletasunak?

Zaletasun anitz ditut, baina batez ere, artearekin lotutako zalteasunak ditut: argazkilaritza, bideogintza nahiz bideo-edizioa.

Nondik datorkizu argazkilaritzarako zaletasuna?

Nik uste familiatik heldu zaitela. Umetan amatxiren etxean  zegoen aitatxiren kamera zaharrarekin jolastea gustatzen zitzaidan. Koxkorragoa nintzenean, izeba eta amarekin bideoak egin eta editatzen ibiltzen nintzen.

Afizioa ofizio bilakatu nahi zenuke?

Hori litzateke nire ametsa! Ikasketak helburu horrekin egin nituen. Urte bat Madrilen egin nuen eta Iruñean bukatu.

Zergatik hautatu zenuen Madrilen ikastea?

Herritik pixkot atera nahi nuen eta nere burua gehiago ezagutu. Gainera, Madrilek argazkilaritza ikasi nahi dutenentzat aukera zabala eskaintzen du.

Zer du Elizondok Madrilek ez duena?

Madrilen lan eskaintza handia da, bertan egiten dira pelikula gehienak. Elizondo aldiz, nere etxea da. bertan daude nere lagun nahiz familia.

Argazkilaritza edo bideogintza?

Aukeran argazkilaritza nahiago. Argazkilaritzarekin harreman estuagoa sortu dezakezu pertsonarekin eta zu ere proiektuaren zati bilakatzen zara.

Argazkiak ateratzeko leku bat hautatu beharko bazenu?

Edozein lekuk bere xarma du, baina bat aukeratzekotan Bertiz aukeratuko nuke.

Nori gustatuko litzaizuke argazki bat ateratzea?

Bertze garai batean jaio izan baldin banintzen Queen taldeko kideei argazki sesio bat egitea gustatuko litzaidake.

Photoshopa erabiltzearen aldeko zara?

Orokorrean ez. Norberak bere burua onartu eta maitatzen ikasi behar dugu.  Gure gizartean gorputz normatibo batzuk nagusitzen dira, eta hauetatik aldentzen diren gainerako gorputzak ez dira onartzen.

Amets bat?

Buruan beti bueltaka hainbat gauza izaten ditut, baina, hauek neretzat gordetzea gustatzen zaizkit!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun