2023an Oronoz-Mugairin lanbide heziketako ikastetxe integratua eginen dute

Ttipi-Ttapa 2020ko azaroaren 7a

Lanbide heziketako ikastetxe integratu berria eraikiko duten eremua, Oronoz-Mugairin. Argazkia: Juan Mari Ondikol.

Proiektu hau 2021ean lizitatu eta idatziko omen dute. Lanek 10 milioi euroko kostua izanen dute eta 2022an hasiko dira egiten, Gobernuak duen aurreikuspenen arabera.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak, Carlos Gimenok, astelehenean 2021erako Hazkuntza Azpiegituren Plana aurkeztu zuen. Departamentuak 21.569.362 euro erabiliko ditu Nafarroako sare publikoko ikastetxeak eraiki, egokitu edo hobetzen.

Eginen diren proiektuen artean Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako Zentro Integratua dago, Oronoz-Mugairin eraikiko dena. Erabaki hau, Nafarroako Gobernuak, aurreko legealdian hartu zuen.

Baztan-Bidasoko ikastetxeek dagoeneko egiten duten lana bateratu eta indartu nahi dute ikastetxe berri honekin, erreferente gisa. Bidenabar, ikastetxearen eta inguruko bizilagunen beharrak asetzeko autobusentzat espazio propioa eta 30 plazako aparkalekua eraikiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun