Baztango Musika Eskolan akordeoi irakaslea behar dute lan-poltsa osatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 4a, 16:00
Hautagaiek azaroaren 12ra arte eman dezakete izena. Argazkian Baztango akordeoilariak kalejiran.

Euskara ezagutza duten akordeoi irakasleekin lan-poltsa osatzeko deialdia egin du Baztango Udalak, etorkizunean musika eskolan izaten ahal dituzten beharrak asetzeko.

Izangaiak Europar Batasuneko edozein estatuko herritarra, adinez nagusia, 1966ko planeko erdi mailako titulatua, homologazio-egiaztagiria duena eta fisikoki eta psikikoki gaitua. Horrez gain, euskara jakin eta EGA titulua edo baliokidea egiaztatu beharko du (titulua aurkeztu ezean, izangaiek euskara proba bat egin beharko dute oposizioaren ariketekin hasi baino lehen).

Epeak

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea azaroaren 12an akituko da eta, ondotik, Baztango Udalaren webgunean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute.

Hautaprobak

Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da; lehenbizi, lehiaketaldia izanen da eta gero oposizioaldia. Lehiaketaldian, gehienez, 30 puntu lortuko dira (irakaskuntza-esperientzia eta merezimendu akademikoak ardatz hartuz). Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortuko dira eta proba-praktikoa izanen da. Hautagaiak eskolako ikasle bati eskola praktiko bat eman beharko dio euskaraz.

Deialdiari buruzko xehetasun guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean daude irakurgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun