Marian Ariztia danboriena

«Indusketa lanetan eskuez gain bihotza ere jarri dutela ikusten da»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 30a, 17:00
Amaiurko arkeologia zentroan ari da lanean Marian Ariztia.

Marian ARIZTIA DANBORIENA, Amaiurko arkeologia zentroko langilea

Hondarreko hamabortz urteetan Amaiurko gazteluan egindako indusketa lanetan bildutako aztarna arkeologikoak museoan bildu dituzte. Horri esker, bisitariek mendetako historia ezagutzeko aukera dute

Amaiurko gazteluko kondairek «txikitatik» interes handia eragin diote Marian Ariztia Danborienari (Amaiur, 1976). Aspaldiko jakin-mina lanbide bihurtuta, gaur egun irailean ireki zuten arkeologia zentroan ari da lanean: «azken urteetan egin diren indusketa lanek eta ireki den zentroak aukera ederra eskaini didate».   

Hasmentarekin «kontent»

Abuztuaren 8an inauguratu zuten zentroa eta ordutik, Ariztiak «jendeari harrera egiten eta herriko zein Baztango historiaren zatitxo bat turistei  azaltzen» dihardu. Bi hilabeteotan «2.000 bisitari inguru» izan ditu. Orain artean izan diren gehien-gehienak «eskualdekoak, Euskal Herriko hainbat txoko euskaldunetakoak» izan dira, baina «kataluniarrak eta Madrildik etorriak» ere izan dituzte. Abuztuan izan zuten bisitari gehien: «iraileko hirugarren astetik aitzinera asteburuetan bakarrik irekitzen hasi gara». Birusak baldintzatua izan da irekiera eta, zentzu horretan, «urte berezia» izanen dela jakitun dira: «ireki aitzinetik ere bagenekien birusa gure artean zela...».

Berezitasunak berezitasun, neurriak hartuz, ateak irekitzea erabaki zuten eta, aitortu dutenez, «kontent» daude orain artean izandako bisita kopuruarekin, baita bertan izan direnek egin duten balorazioarekin ere: «jendea kontent joan da, arras lan txukuna dela eta ongi azalduta dagoela aipatu dute. Oraindik ireki denetik denbora guti pasatu den arren, azalpenek Amaiurren gertatutakoa hobeki ulertzen lagundu diela adierazi dute...».

«Zentroak aditu dugun historia egiaztatzeko balio du»

Auzolanean berreraikitako historia

Aranzadi elkarteak hondarreko 15 urteetan egin dituen indusketa lanetan berreskuratutako material arkeologikoak dira museoaren oinarria. Ariztiaren ustez, elkarteak berak eta haiekin auzolanean ibili diren guztiek «lan ederra eta txukuna» egin dute. Arkeologia zentroak hori ageriko egiteko eta estimatzeko bide eman dielakoan dago: «orain agerian gelditu da langile hauek eskuez gain, bihotza ere jarri dutela indusketa lanetan».

Pieza bakoitzak «gazteluaren garapena, urteetan gertatutako aldaketak, bertako bizimodua…» irudikatzeko bide ematen die ikusleei. Horrela, bisitariek bortz mende gibelera egiten ahal dute. Hain zuzen, museoko «atal batean eguneroko bizimodua azaltzeko lau bitrina dituzte: txanponak, arropetako apaingarriak, eguneroko lanak, borroketarako erabiltzen zituzten tresnak… daude ikusgai, gazteluan bertan harrapatutakoak». Guztien artean, aukeratzea «zail» den arren, bere irudiko, «guda materialak, kanoi bolak eta ezpatak» dira ikusleen arreta gehien erakartzen dutenak.

«Amaiurko gazteluaren historia hobeki ezagut daiteke»

Zentrotik kanpo ere bada zertaz gozatua

Zentroak ekarpen handia egin dio herriari eta herritarrei. Izan ere, orain «etxean entzundako historia eta istorioak egiaztatzeko» aukera dute. Ingurukoei ere «historiaz gehiago jakiteko» aukera eman die. Hain zuzen horregatik, bisitatzea merezi duela uste du Ariztiak: «hurbildu eta animatu zentroa bisitatzera».

Hortik kanpo, herrian bada zertaz gozatua. Gaztelua eta arkeologia zentroa ez dira herriko interesgune bakarrak, errotak ere ikusmira eragiten du: «uraren medioz taloak egiteko artoa nola bereizten den erakusten dute... Eta herriko lixutegia, arkua, karrika bera… Amaiur bere osotasunean herri zoragarria da».

Zerbait aipatu beharko balu, herrian «azpiegitura eta ibilbideak» baino ez dituztela falta dio amaiurtarrak. Eta, horixe dute begiz joa orain: «gabezia hori betetzeko lanean ari gara, herriaren edertasuna denentzako gozamena izan dadin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun