Sarrerak dohainik izanen dira baina edukiera mugatuarekin eta ikusleek kontzertuetara sartzeko gonbidapena aurkeztea ezinbertzekoa izanen dute. Sartzeko txartelak emanaldia hasi baino 60 minutu lehenago hartu beharko dituzte Arizkunenea kultur etxean eta pertsonako bi gonbidapen gehienez ere hartu ahal izanen dira.
Zeltiar musika
Azaroaren 1ean, heldu den igandean, Alasdair Fraserrek, biolin tradizio aberatseko irakasleak, eta Natalia Haaserrek, biolontxelo-jotzaileak, girotuko dute kultur etxea eta musika zeltiarra izanen da entzungai. Musikariek entzuleekin konektatzeko aukera izanen dute.
Munduko musikak
Musika freskoa, dibertigarria eta dantzagarria izanen da azaroaren 8an. Fox trota, txotisa, jota, erronda, pasodoblea... Penintsulatik bertze lurralde batzuetara eramanen gaituen musika-bidaiaz gozatuko dute bertaratzen direnek: Balkanetako oihartzunak, japoniar oroitzapenak, kaioen kantuak, itsasoaren soinua...
Gontzal Mendibil
Azaroaren 15ean, igandean, itxiko da zikloa. Gontzal Mendibilek Biok izeneko diskoa aurkeztuko du, sentiberatasun poetikoz beterik dagoena. 18. musika lan horretako pieza hunkigarriak, bere kantu ezagunak, Iparragirreren oroitzapenezko konposizioak... aditu ahal izanen dituzte. Mendibilek Anjel Unzuren, Iñaki Diegezen eta Ainhoa Tabuyoren laguntzaz eskainiko du emanaldia.