Baztango Udalak eskolak eta mediku kontsultategiak garbitzeko enpresa publikoa eginen du

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 23a, 14:00
Oronozko mediku kontsulta.

Modu berean, haur eskolaren kudeaketaz azterketa ekonomikoa ere eginen du

Ortzegunean egin zen ohiko osoko bilkuran udalbatzak erabaki zuen herrietako eskolak eta mediku kontsultategiak, Elizondoko eskola eta Baztan ikastola garbitzeko enpresa publikoa sortzeko batzordea osatzea. Erabakiak EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko 10 bozka izan zituen. Navarra Sumak aurka bozkatu zuen. Herrietako eskolak 10 dira Baztanen; mediku kontsultategiak 6; eta Ikastola udalarena da eta bi eraikin ditu.

2019ko azaroan aipatu eraikinak garbitzeko azterketa ekonomikoa egitea erabaki zuen udalak, EH Bilduren proposamenari kasu eginez. Azterketa horrek kudeaketa eredu desberdinak alderatu behar zituen, ekonomikoki hoberena zein zen ondorioztatzeko. Urrian aurkeztu zen txostenak erakutsi du ekonomikoki kudeaketa aukera eraginkorrena enpresa publikoarena dela, hortaz, hortik abiatuta eta indarrean den prozedura administratiboari jarraiki, enpresa eratzeko batzordea sortzea ondoko pausua izan da.

Batzordeak memoria idatzi beharko du jardueraren alderdi sozial, tekniko eta finantzarioak aztertuz,. Batzordean alderdi guztietako ordezkari bana, udaleko idazkari eta kontu hartzaileak eta udaleko aholkularitza juridikoak parte hartuko dute.

Bertzalde, atzoko bilkurak ere haur eskolari buruz azterketa ekonomikoa egitea onartu zuen, azterketaren ondorioen arabera kudeaketa publikoa egiteko. Erabakiaren alde EHBilduk eta Navarra Sumak egin zuten, 9 bozka. Kontra berriz Ezkerrak eta Geroa Baik, 4 bozka.

EH Bilduren ustez haur eskola oinarrizko zerbitzu publikoa da eta gainera izaera hezitzailea du. Horregatik, proiektu pedagogikoaren jarraipena segurtatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa izateko langileen egoera egonkortzeko, kudeaketa publikoaren alde egitea beharrezkoa da. Azterketaren emaitzak erranen du kudeaketa publikoa egiten ahalko ote den.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun