CECILIA ADIN

«Ikaslea motibatuko duen hezkuntza sistema behar dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 25a, 09:00
Cecilia Adin Urtasun Batxilerreko lehenbiziko mailako ikaslea da.

Cecilia ADIN URTASUN, Elizondoko gaztea

«Inposatutako hezkuntza sistemaren kontra ikasleria aktibatzeko» sortu den IKAMA gazte antolakundeko kidea da Cecilia Adin Urtasun (Elizondo, 2003). 

Batxillerreko lehenbiziko mailako ikaslea da eta bete- betean bizi ditu «hezkuntza sistemak dituen gabeziak». Adinen ustez, hutsune nagusia «motibazioa galarazten duen» hezkuntza izatean dago, eta hori gerta ez dadin, «irakaskuntza-metodologiak errotik aldatu» beharko liratekeela uste du: «ikasleriak ikasi beharreko edukiak barneratzeko motibazioa behar- beharrezkoa delako». Mugimenduak dira aldaketarako giltza IKAMAren ustez, eta helburu horri tiraka eraiki zuten eurek ere taldea: «subjektu bat sortzeko eta hori aurkezteko beharra ikusi genuen». 

Ikaslea erdigunean duen hezkuntza ereduaren alde
Euskal Herriko hezkuntza eredua irauliz, «ikasleen beharretara egokitua eta pertsonalagoa» den sistema baten alde bildu dira: «herritarra, burujabea eta ikaslea erdigunean jartzen duen sistema aldarrikatu nahi dugu, herritik eta herriarendako izanen dena». 

Telelanaren trabak
Inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute aldaketa. Izan ere, martxotik telelanean aritu dira eta orain, ikastetxera bueltan, «klaseko erritmoa berriz hartzea kostatuko zaigu, ordutegirik gabe lan egin dugu... eta berriz egokitzea ez da erraza izanen». 

Gehiago ere bada: «telelanaren ondorioz inoiz baino ikasle indibidualistagoak bihurtu garela uste dut, geure buruarekin bakarrik lan egin dugulako, ikaskideen iritzirik edo ekarpenik jaso gabe».  

«Ikasleria kontzientziatu eta aktibatu nahi dugu»

Buelta ere ez da behar bezala antolatu elizondoarraren ustez: «irailera arte izugarrizko ezjakintasuna izan dugu eta ez genekien noiz eta nola hasiko ziren klaseak, erabakiak hezkuntza komunitatearen iritziak aditu gabe hartu dituzte». Ikasleak «bertze behin» ahotsik gabe utzi dituztela salatu du: «lehenbiziko egunean erran zizkiguten zehaztu zituzten arau guztiak, informazioa eskola kontseiluan aipa zezaketen arren». 

Adinentzat ikasturte hasiera «gogorra» izan da «hainbat arlo aldatu egin direlako». Zehazki, maskara egun guztian paratu behar izatea eta distantzia mantentzea «zail» gertatzen ari zaio: «batez ere aurten Malerrekako ikasleekin elkartu eta jendea ezagutzeko aukera dugun honetan, harremantzea ez da erraza izaten ari».  

Kontzientzia piztea eta gazteria aktibatzea helburu 

Zailtasunak zailtasun, taldeak harrapatu du aitzinera egiteko modurik: irailaren 12an aurkeztu zuten: «joan den ikasturtetik aurkezpena egiteko asmoa genuen eta koronabirusagatik gibelatu zen... eguna antolatzeko lantalde bat osatu eta azkenean egin genuen». 

Dagoeneko martxan dira eta indartsu hasi dute bidea, asmo garbiekin: «gure helburu nagusia ikasleria kontzientziatzea eta arazoen aurka aktibatzea da. Ikuspuntu lokaletik, tokian tokiko problematikak aztertzea eta horiei aitzin egitea, hain zuzen». 

Eta horretarako gakoa zein den badakite: «zerbait lortzeko ez dago mugitzea bertzerik». Beraz, taldean parte hartzeko gonbidapen argia egin dute: «lehenbiziko pausoa zure esku dago».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun