'Erik eta Win' ikuskizuna urriaren 25ean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 21a, 07:00
Buhameak.eus

Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean dute hiztordua, igandean, 19:00etan.

Bertsoa, antzerkia, poesia, musika... uztartzen dituen Erik eta Win ikuskizuna izanen da urriaren 25ean, hondarreko igandean, Iruritan. Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean dute hitzordua 19:00etan. Ikusleek, emanaldiaz gozatzeko, ez dute sarrerarik ordaindu beharko, baina edukiera mugatua izanen da.

 

Harremanak eta estereotipoak umorez zipriztinduta

Asier Sota antzezle eta zuzendariak gidatutako obran Ander Lizarralde Jimeno eta Unai Muñoa Amundarain bertsolariek euren baitako egiak eta esperientziak kontatu eta harremanak aztertuko dituzte: nola lagundu duten elkar, zer-nolako harremanak izan dituzten emakumeekin, nola ezkutatu dituzten desioak eta behar emozionalak... Eta gizonen estereotipoei buruz hausnartuko dute.

Lizarraldek eta Muñoak orain artean entzun gabeko doinuak eta kantak plazaratuko dituzte, umorea ardatz dutela. Horretarako, Imanol Kaminoren piano zein eskusoinu doinuak eta Aitor Atxegaren baxu zein gitarra doinua izanen dituzte lagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun