Premiazko lanetan 54.215,67 euroko inbertsioa egin du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 19a, 18:00

Zigaurreko ur-biltegiko arraildura konpondu eta Iruritako ur-sarea ordezkatu dute  

Baztango Udalak Iruritako saneanendu sare nagusian premiazko lanak egin behar izan ditu, urriaren hasmentan. Etxe baten konponketan ari zirelarik saneamentuko sarean zegoen zuloa eta ur galera agertu da. Egoera horretan, sarea ordezkatzeko lanak egin ditu udalak Iruritako karrika nagusiko 18. eta 24. zenbakien artean. Inbertsioa 40.735,62 eurokoa izan da.

2.347,40 euro proiektuaren idazketa eta zuzendaritza eta 38.388,22 lanen egitea. Idazketa Doarq arkitektura bulegoak egin du eta lana Miguelenek. Nafarroako Gobernuak lanen premiazkotasuna onartu du eta %85eko diru laguntza emanen du.

Zigaurreko ur-biltegiaren arraildura konpontzea

Modu berean Zigaurre auzoko ur-biltegian arraildura batetik ur-zurruzta agertu da. Hori dela eta Baztango Udalak Nafarroako Gobernuaren onikusiarekin premiazko lanak hasi behar izan ditu. Arraildura konpontzeaz gain biltegiaren barneko aldea iragazkaiztuko da. Modu berean, lanek iraun bizkitartean auzoan ura izateko behin-behineko ur-biltegia paratu du udalak. Denera 13.480,05 euroko inbertsioa eginen da; 11.665,05 lana egiteko eta 1.815 obraren idazketa eta zuzendaritza egiteko. Lana Arakanek eginen du eta idazketa eta zuzendaritza LKSk. Nafarroako Gobernuak %85arekin diruz lagunduko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun