Baztango EH Bildu: «Gehiegizko diru-goseak ez ditzala herriak jan»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 9a, 11:00

Etxe handien «nolanahiko salmentak» Baztango herrietan izaten ahal dituen ondorioez ohartarazi nahi izan du EH Bilduk ohar bidez. Azken aldian, Baztango etxe handiak erosteko asmoz kanpoko inbertitzaileak «han-hemen» omen dabiltza, eta hori «hedatzen ari den joera» dela gaineratu du. «Afera biziki larria» delakoan dago EH Bildu.

Baztango EH Bilduren hitzetan, «etxe horien erosketa landa-hoteletarako edo bigarren bizitegietarako da». Hala, «azkeneko aldian bailaran ezagutzen ari garen ostatu-turistikoen gehiegizko eskaintza eta herritarrak bizitegia eskuratzen dituzten zailtasunak handitzen» direla uste du eta «bereziki kontuan hartzekoa» iruditzen zaio «erosle horiek ordaintzeko duten ahalmena gainerakoen gainetik» izatea, «horrek merkatuaren kariotzea dakar, herritar arruntak etxe horiek erosteko aukeratik baztertuz». Gehiago ere bai. Merkatua garestitzearen ondorioz, «ohiko bizilagunak bailaratik kanporatzeko arriskua» ikusten du, «erosahalmen handiko jendearekin ordezkatua» izanen delako. «Afera biziki larria» delakoan dago EH Bildu, «tokiko biztanleen bizitegia izateko eskubidean ondorio zuzena baitu».

«Tokiko biztanleen bizitegia izateko eskubidean ondorio zuzena du»

Hirietako gentrifikazioaz ere mintzo da oharrean, hau da, «auzo herrikoiak klase sozial ahaltsuagoek ordezkatzeko prozesu urbanoaz». Baztanen, «irudiko zerbaiten hastapenean» egon daitezkeela dio: «lehenago ere Ipar Euskal Herrian horrelakoak salatu izan dituzte; jubilatu ondotik heldu diren paristarren gelditu gabeko etorrerak etxeak eta lurrak nola garestitu dituen, arazo sozial larria sortuz».

«Herritarrak ohartarazi nahi ditugu gibelerat bueltarik ez duen bidean sartu aitzinean»

Egoera ikusita, eta «gibelerat bueltarik ez duen bidean sartu aitzinean», EH Bilduri «beharrezkoa» iruditzen zaio «kontzientzia sozial bat sortzea: ohiko bizitegia izatea lehenestea eta salneurriak arrazoizkoak izatea». Areago: «ahalik eta negozio handiena egitea ez da onargarria izaten ahal». Gisa berean, «norberaren ondarearekin hartzen diren erabakiek ondorio sozialak» dituztela azpimarratu du, eta EH Bilduren irudiko, «herritar guztioi dagokigu nahi dugun bailara ereduaren arabera jabetza pribatuarekin egin ahal dena finkatzea, bai legez, bai kontzientzia edo etika sozial jakin baten bidez. Gehiegizko diru-goseak ez ditzala gure herriak jan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun