Nafarroako ikasleek aldizkari multimedia sortuko dute ‘Sormen digitala’ irakasgai berrian

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 7a, 18:00

Eskualdean ‘Sormen digitala’ irakasgaia Lekarozko Institutuak eskainiko du

Nafarroako zazpi ikastetxetako ikasleek, sormen artistikoaren bitartez, euskal kulturaren ezagutza landuko dute. Horien artean, Lekarozko DBH 2. eta 3.mailako ikasleek parte hartuko dute.

Nafarroako D ereduko zazpi ikastetxetako ikasleek aldizkari digitala nola egin ikasiko dute ‘Sormen digitala’ irakasgaiaren jarduera osagarrien barruan. Ikasgai horren bitartez DBH-ko 2. eta 3. mailako ikasleek, esperimentazioaren bitartez, euskal ondarea ezagutuko dute.

2020-2021 ikasturtean landuko den irakasgai berri hau Barañaingo Alaitz, Altsasuko eta Lekarozko institutuetan, zein Iruñeko Jaso Ikastola, Eunate, Iparralde eta Iturramako ikastetxeetan garatuko da.

Hezkuntza Departamentuaren Euskara Atalak diseinatutako ‘Sormen digitala’ irakasgaian gazteei gidoiak nola egin; plano orokorrak, amerikarrak eta plano motzak nola tartekatu; leku argietan eta leku ilunetan nola grabatu; grabazioetan soinua eta musika nola txertatu eta mugikorrarekin grabatzeko programak nola erabili irakatsiko zaie.

Horretarako, EIBZko irakasleek lau tailer diseinatu dituzte: Ezpainzapiak, Handia eta Maskarak, Frontoia eta Txalaparta. Unitate hauen bidez, sortze askea bultzatu nahi da: dantzaren, musikaren, antzerkiaren edota arte plastikoen bidez.  Ikasleek ZUT aldizkaria izanen dute eredu eta proiektu horren sustatzaileek gidatuko dute ikastaroa. Lehen saioak, Altsasuko institutuan, Alaitz BHIn eta Iturrama Institutuan izanen dira aste honetan, eta gainerako hiru ikastetxeetan, hurrengo egunetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun