Xabier Ibargarai erratzuarra umetatik imajinatu behar dugu pilota sakelan duela. 15 urtera arte eskuz aritu zen, Baztango Txaruta pilota elkartean. Ondotik bere eskuek pilotakadekin ezin eta esku pilota uztea erabaki zuen. Pilotarekin lotuta jarraitu nahi zuen eta Iruñera joan zen pala probatzera. «Proba egin, gustatu eta ordutik pala askatu gabe nabil». Mundu mailako pandemia batek etorri behar izan du pala askatzeko, baina itzuli dira berriz ere lehiara eta gustura dago «etsia hartzen hasita geunden, ez ginela kantxara itzuliko pentsatuz» eta itzulera horretan lortu du Necol frantziarrarekin batera udako pala txapelketa eskuratzea.
Palak «dena» eman diola argi du. 15 urterekin Iruñera joaten hasi zen palan jokatzeko. Dohain bereziak zituela erran zioten eta pixkanaka bidea egiten hasi zen, Nafarroako selekzioan eta Espainiakoan parte hartuz. «Bizitzako ikasgai aunitz ikasi ditut, errespetua, elkarlana, pertsona izaten irakatsi didate eta baita mundua ezagutzen ere».
«Erremintaren osasuna ez da eskuzkoa bezain ona»
Palista profesional bezala debutatu zuenetik entzun du «hau hiltzera doa». Erremintaren osasuna ez da eskuzkoarena bezain ona eta gaur egungo egoerarekin okerragora egin du. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dute palan jokatzen dutenek, «Bizkaiak pala arras berea du eta ez du hiltzen utziko». Bi urtero dirulaguntza ematen diete eta ez dagoela kexatzeko dio erratzuarrak «ez naiz aberastu, baina diru pixka bat irabazi dut eta kontentu nago alde horretatik».
Debutatu zuenetik hona aldatu da Ibargarairen jokoa «hasieran pixka bat eroa nintzela erranen nuke, esperientziari esker pilotari zentratuagoa naiz». Kolpe handikoa eta bi eskuak onak dituen palista zentratua. Pala adituek diote sufritzen ohituta dagoen pilotaria dela. Momenturik gogorrenetan aitzinera egiten dakien pilotaria.
Munduko txapeldun
Buruz buru aritzea maite du eta horixe da bere txapelketa kuttunena. Modalitate honetan erakutsi behar baitu pilotari batek, «pilotari osoa dela». Bortz aldiz ailegatu da buruz buruko finalera eta iaz irabazi zuen lehen aldiz munduko txapelketa. «Bi aurkari gogor izan ditut nire ibilbidean: Esteban Gaubeka eta Pablo Fusto, baina lortu nuen azkenean txapela eta badut bertzeren bat irabazteko asmoa eta gogoa». Frontoian kontrario dituenak bidelagun ditu eta eurekin aunitz ikasi duela dio.
«Sekulako saria izan zen buruz buruko txapela irabaztea»
Ez du irabazitako momentu hura atzenduko, «urtetako lanaren emaitza izan zen». Une horretan pasatu zitzaizkion burutik gurasoek beregatik egindako esfortzu guztiak, «aitak fabrikan oporrak hartzen zituen ni partidetara eramateko». Zirraraz beterik bizitu zuen, bereziki «hainbertze urtez dena ematen ibilita, sekulako saria izan zen».
Etorkizuna
Ez daki noiz arte jarraituko duen goi-mailako kirolean, «gorputzak gelditzeko» erraten dion arte ala «etxekoei pazientzia akitzen zaien arte».
Etorkizunerako amets bat ere badu eta sarritan hitz egin du horri buruz Josetxo Huarte Baztango bertze palistarekin. «Baztanen pala eskola bat sortzeari buruz aunitzetan solas egin dugu, «gazte aunitz dira ni bezala eskuetako minagatik esku pilota uzten dutenak eta pilotan jarraitzeko aukera polita da pala». Agian hemendik guttira pala eskola sortu eta puntako palista baztandarrak ikusiko ditugu txapelak janzten.