COVID-19: Elkarrizketak

«Ostalaritzarako ezarri dituzten neurriak neurrigabeak eta zentzugabeak dira»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 4a, 09:00

Belen Urrutia

Belen URRUTIA HUALDE, Elbeteko Posada

«Urte arras-arras ona heldu zen, atzerritik jende aunitz espero genuen, baina dena bertan behera gelditu zen». Horixe kontatu digu hostala eta jatetxea dituen Elbeteko Posadako Belen Urrutia Hualdek.

Martxoan negozioa hetsita «galera handia» izan omen zuten, eta berriz ateak irekitakoan, «pixkanaka-pixkanaka» hasi omen ziren: «alde batetik, garbitasun eta higiene protokoloa eta bertzetik kontingentzia plana sortu genituen eta horrekin hasi ginen. Hasmentan mugak itxiak zirelako Nafarroako jendearekin bakarrik aritu ginen, bi etxekoak eta bertze langile bat. Ekaina horrela pasatu genuen eta jendea mugitzen ari zela ikusitakoan eta mugak irekitakoan bertze langile bat sartu genuen. Uztailaren 10etik zortzi langileak ari gara lanean».

«Udan jendea pixka bat aterako zela pentsatzen genuen, baina guztiz kontrakoa gertatu da. Biharko egunik izanen ez balitz bezala atera da, gozatzeko gogotsu».

Itzulera lasaia izan bazen ere, uda ez da espero bezalakoa izan: «jendea pixka bat aterako zela pentsatzen genuen, baina beldurragatik ez zela hainbertze mugituko espero genuen». Nola diren kontuak, «guztiz kontrakoa» gertatu dela nabarmendu digu: «biharko egunik izanen ez balitz bezala atera da jendea, gozatzeko gogotsu». Alde horretatik, udako lanak «gain hartu» diela onartu du, eta «estresagarria» izan dela gaineratu du: «mahaien arteko distantziak ezarrita, mahai gutiagorekin aritu behar izan dugu, eta mahai bakoitzean egon daitezkeenen kopurua mugatuta, ezin izan diegu etorri dien guztiei jatera eman».

Urrutiari «ulertezina» iruditzen zaio «ostalaritzan halako mugak ezarri eta gero ikasgeletan 20, 25 edo 30eko ratioak onartzea. Iduri du gure sektorea dela gehien kutsatzen duena eta ez da horrela». Argi du ostalaritza izan dela «sektorerik zigortuena» eta hartutako neurriak, «sektorean ari garenokin eztabaidatu gabekoak» izateaz gainera, «neurrigabeak eta zentzugabeak» direlakoan dago: «ez dakite zer egin eta zerbait egiten ari direla erakusteko hartutako neurriak dira». Sektorea «seinalatu eta kriminalizatu» izana kritikatu du.

«Lan egiten uzten ez badigute laguntza edo zerbait beharko dugu»

Udako martxa ikusita, oraingoz ongi ikusten du sektorea inguruan: «Baztan aldean turismoarekin lan aunitz egin dugu, baita irailean ere». Baina etorkizunera begira ez du argi: «ikusi beharko da zer gertatzen den», adierazi du: «mugak itxi edo neurri zorrotzagoak hartzen badituzte, eta bakarrik gelditzen bagara, orduantxe zerbait egin beharko dugu. Lan egiten uzten ez badigute laguntza edo zerbait beharko dugu, baina lanean ari garen bitartean ez genuke laguntza ekonomikoen beharrik izan behar».

«Beldurraren arabera funtzionatzen dugu baina eritasun honekin bizitzen hasi beharko dugu»

Orokorrean gizartea «neurotiko samar» bihurtu dela iruditzen zaio Elbeteko Posadakoari eta garbi utzi nahi izan du «hori ez dela ona»: «beldurraren arabera funtzionatzen dugu baina eritasun honekin bizitzen hasi beharko dugu, bertze eritasunekin egin dugun bezala. Orain ez da bertzerik, sukarra izanez gero PCRa egiten dute zuzenean, bertze konturik ez balitz bezala». Urrutia, ordea, «baikorra» da eta «heldu den urtean pasatua izanen dela» uste du, «edo hala pentsatu nahi nuke». Oraingoa «inposatutako egoera» iruditzen zaio, «normaltasun berria deitu duten arren, normaltasunetik ja ez duen egoera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun