Martxo erdialdetik maiatz erdialdera, bi hilabetez, halabeharrez itxita eduki zuten Arkupe gozotegia. «Ezinbertzean ERTE bat tramitatu eta onartu zutela» kontatu digu Urtasunek. «Kontratu iraunkorreko langile guztiak ERTEra joan ziren, eta finkoak ez zirenak, langabeziara bidali behar izan genituen».
«Bi hilabetez ez genituen makinak piztu ere egin eta gero, ekainera arte motel aritu ginen»
Bi hilabete horietan geldirik egon ziren, «ez genituen makinak piztu ere egin». Pertsonalki «opor gisa» hartu omen zituen aste haiek: «orokorrean trankil egon nintzen, denbora libreaz disfrutatzen. Tarteka, hala ere, kezkak eta beldurrak banituen: eta gero zer? Krisia etortzen bada, zer eginen dugu?». Hori buruan, «hainbat alternatiba edo aukera pentsatu» zituztela ere aitortu digu, «gauza bat edo bertze egiteko». Geldialdiaren ondotik, maiatzean hasi ziren berriz lanean, Urtasunek azaldu digunez, «langile gutiagorekin, dendetako ordutegia murriztuz, egunean produktu gutiago ateraz…». Ekainera arte «motel» aritu omen ziren eta hilabete hartako akabailan «ERTEarekin akitu genuen».
«Udan herrietako bestarik ez izatea nabaritu dugu, baina jende aunitz ibili da».
Udan, berriz, «urteroko eskari handirik ez» dutela izan aipatu digu, «herrietako bestarik ez izatea nabaritu dugu». Baina hala ere, «jende aunitz» ibili zaie, «bai hemengoak bai kanpokoak ere, eta kontent gaude». Hori bai, «diferentea» izan dela ageriko egin du, baita «ziurgabetasunak» hor segitzen duela ere: «dena aztertzea eta probatzea izan da. Eta berriz ere gure galdera: eta gero zer?».
Neurrien inguruan, «arduraz jokatzearen» aldekoa da Urtasun, baina «proposatutako neurriak ez zaizkit osasuntsuenak eta zentzudunenak iruditzen. Mahaiak eta aulkiak behin eta berriz desinfektatu behar dira, baina ez da inon aipatzen elikadura osasuntsu batek sistema immunea indartzen duela, edo estresak edo beldurrak ez dutela batere laguntzen. Horren inguruan ez dago gomendiorik».
«Bizi dugun egoera honek zein zaurgarriak garen erakutsi digu». Halaxe uste du, «bai ekonomikoki baita bertze alorretan ere». Bere irudiko, «tokian tokiko zerbitzuak eta produktuak ekoiztea eta kontsumitzea da dugun irtenbideetako bat». Eta halaxe izatea nahi luke: «ea etorkizuna bide horretan doan».