(H)ilbeltza bekaren deialdia egin dute aurten ere

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 1a, 18:00
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratu aurten ere.
 

Laginak abenduaren 4a arte bilduko dira eta epaimahaikideak diren Garazi Arrulak (Txalaparta), Miren Gorrotxategik ((H)ilbeltza) eta Joseba Otondok (Baztango Udala) irabazlearen izena emanen dute ilbeltzaren 18an.

Deialdi honi 6000 euro esleituko zaizkio. Lagin irabazleari 3000 euro emanen zaizkio 2021eko ilbeltzan, eta idatzia akitzerakoan bertze 3000 euro.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-oholean eta eskualdeko komunikabideetan iragarriko da.

Deialdirat aurkeztu nahi dutenek narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak. Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkezten ahalko dira. Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaria 2020ko abenduaren 4a arte egin ahal izango da Baztango Udaleko erregistroan, eguna bera barne. Bekaren oinarriak eta informazio gehiago Baztango Udal webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun