Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareko urteko batzarrean parte hartuko du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 29a, 19:00
Aurtengo batzarra telematikoki egin beharko dute. Argazkia, joan den urtekoa da.

Hasieran Valladoliden egitekoa baldin bazen ere, azkenean telematikoki eginen dute ortzegunean eta ortziralean

Ortzegunean eta ortziralean Agroekologiaren Aldeko Hirien Sareko urteko batzarra eginen da eta Baztango Udalak, kide bezala, bertan parte hartuko du. Hasieran batzarra Valladoliden egiteko zen, baina Covid19arengatik telematikoki eginen da. Batzarraren arrimuan, bertzalde, 'Tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean' adierazpena adostu dute sareko kideek, Baztango Udalak abuztuko osoko bilkuran berretsi zuena.

Ortzeguneko saioa sareko kideendako izanen da, ortziralekoa berriz nahi duten guztiendako, nahiz izena emateko epea dagoeneko akitu den.

Ortzeguneko saioan tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean txostenari buruz lan-saioa izanen dute hautetsiek eta eguerdian txostena publiko eginen dute. Txostenak dio Tokian tokiko elikadura politikek funtsezko eginkizuna bete behar dutela gure komunitateak indartzeko eta, horrela, krisiei aurre egiteko; dela, adibidez, COVID-19ak eragindako krisiari, dela larrialdi klimatikoaren ondorioei.

Modu berean, txostenak dio osasunak eta jasangarritasun ekologikoak eskutik helduta joan behar dutela beti pertsonen eta haien komunitateen ongizatea eta segurtasuna bere osoan sustatzeko. Horren haritik, sustatzen diren elikadura politikak ezinbertzekoak dira elikadura nutritiboa eta kalitatezkoa herritar guztien eskura paratzea ahalbidetzeko.

Bertzalde, tokiko elikagai jasangarriak ekoiztea eta banatzea oinarrizko sistematzat jo behar dira hiri eta herriak hornitzeko, ur eta energia sistemen pare.

Gainerakoan, ortzeguneko saioarekin segituz, atsaldean esperientziak elkar trukatzeko aukera izanen da eta Baztango Udala 'Landa Begiradak' egitasmoaz mintzatuko da, landa-eremuei buruzko imaginarioak aldarazi nahi dituen programaz, hain zuzen.

Azkenik, ortziraleko saioari buruz aipagarria da arratsaldean izanen den mahai-ingurua 'Tokiko nekazaritzako elikagaien sistemak arrisku globalen aitzinean' gaiaz  Sabine Juelicher, Europako Batzordeko Elikadura Segurtasuneko Zuzendari Nagusia, Ricard Ramón, Europako Batzordeko Nekazaritzako Unitate Burua, María Navarro González-Valerio, ​Trantsizio Ekologikorako ministeritzako Klima Aldaketarako Espainiako Bulegokoa eta Marta Rivera Ferrer, Klima Aldaketari Buruzko Nazioarteko Paneleko kidea eta Viceko Unibertsitateko Agroekologia eta Elikadura Sistemak Katedrako zuzendaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun