Elizondoko batzarreak Berro eta Beartzungo bizilagunak babestu ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 28a, 11:00

Argazkia: Ondikol

Urriaren 1ean elkartuko da Baztango Batzar Nagusia eta eztabaidatuko duten puntuetako bat izanen da Baztan Abentura Park handitzeko proposamena. Berro eta Beartzungo bizilagunek, ordea, proiektua ez bozkatzea nahi dute, ez baietz ezta ezetz ere, eta halaxe eskatu dute Baztanen egin diren batzarretan. Joan den ortziralean Elizondon egindako batzarreak bizilagunen proposamena onartzearen alde egin zuen.

Berro eta Beartzungo 45 etxeetatik 38k eskatu dute babesa Baztanen egin diren batzarretan. Bizilagunek diote berez ez daudela proiektuaren aurka, baina «proiektua ongi aztertzeko» eskatu dute. Gaia ez dela «behar bezainbertzeko seriotasunez» tratatzen ari eta proiektu argi bat eskatzen dute, bereziki errepidearen egokitzapena nola eginen duten jakiteko.

Gaur egun dagoen errepidea «arras estua da, gune batzuetan bi auto ere ez dira pasatzen». Bizilagunekin bakarrik sortzen den zirkulazioa handia dela diote eta kezkatuta daude parkearen handitzeak trafikoa ugarituko lukeelako.

Proiektuaren zirriborroaren arabera, abentura parkeko bezeroak autobusez eta auto propioz joanen lirateke. Zirriborroak 100 autorentzat eta hiru autobusentzako aparkalekua aurreikusten du. Errepidearen afera konpondu arte parkearen handitzerik ez onartzeko eskatu dute eta idatzizko konpromiso bat eskatzen diote kargu eginen den erakundeari. «Ez dugu proiektuaren aitzineko fasean gertatutakoa errepikatzerik nahi, hitzez erran ziren gauzak eta, gero, ez ziren gauzak behar bezala egin».

Ortziralean Iriarte pilotalekuan egin zuten Elizondoko batzarrean paper bidez eta Elizondoko errolda kontuan hartuz egin zen bozketa. Berro eta Beartzuneko bizilagunen proposamenaren alde bozkatu zuen 69 lagunek, hamabik kontra eta bortz boto zuri izan ziren. Elizondoko batzarrearen erabaki hori eramanen du Alazne Sansiñena Elizondoko alkateak ortzegunean eginen den Baztango Batzar Nagusira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun