'Landa-eremuan zahartzea' ikastaroa urriaren 2an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 29a, 07:00
Adineko pertsonak zaintzen laguntzeko ikastaroa izanen da.

Hamar orduko ikastaroa izanen da eta ortziralean 09:00etatik 18:30era Arizkunenea kultur etxean eskainiko da.

Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko udako ikastaroen barne, Landa-eremuan zahartzea. Adineko pertsonak zaintzen laguntzeko sareak ikastaroa izanen da urriaren 2an, heldu den ortziralean, Elizondon. Arizkunenea kultur etxean dute hitzordua 09:00etatik 18:30era.

Zaintzan laguntzako sareen beharra

Pertsona gehienek zahartu ahala beren etxeetan egon nahi dutela kontuan hartuta, landa eremu horietan zaintzan laguntzeko sareak egituratzeko beharra ikusi dute. Horrela, prestazio eta zerbitzuen estaldura zabala eskaini ahal dute, ez bakarrik adinekoentzat, baita zaintzaileentzat ere.

Hortik sortu zen gogoeta kolektiborako topaketa bat egiteko proposamena, beren ingurunean bizitzen jarraitu nahi duten adinekoen zaintzan laguntzeko eredua birformulatzera bideratua. Gogoeta horren bidez, etxeko zaintza-eredua berrikusi nahi da, eta etxean arreta integrala emango duen sare bat egituratu. Pertsonengan zentratutako arreta-ikuspegiarekin, interesa duten eragile guztiak barne hartzen dituena: familiak, gizarte-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, lehen mailako arreta eta osasun-arreta espezializatua, etxeko langileak, laguntzaile pertsonalak, boluntarioak eta sare komunitarioa, hurbiltasun-zerbitzuak, lagunkoitasun-mugimendua, etab.

Helburuak

Ikastaroaren helburua Nafarroako adinekoen beharrei eta zaintza-hornikuntzari buruz hausnartzea, etxean zaintzen laguntzeko sare bat artikulatzeko funtsezko elementuak eta jardunbide egokiak identifikatzea eta adinekoen eta haien zaintzaileen beharrei erantzungo dieten pertsonak ardatz dituzten zerbitzuak emateko eredu bat diseinatzea dira.

Programa

09:00etan hasita jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena eginen du Joseba Otondok, Baztango alkateak. Segidan Heiton Lantarón, Maider Azurmendi eta Arrillagak hartuko dute hitza. Guztiek adinekoentzako zainketak eta etxebizitza-eredu berriak pertsonalizatzea izanen dute hizpide. 12:15ean bigarren mahai-ingurua abiatuko da. Adinekoen sare komunitarioak eta udalerri lagunkoiak izanen dira solasgai. 13:45etik 15:00etara bazkaltzeko bilduko dira. Arratsaldean zaintzaileei laguntzeko programak izanen dituzte solasgai Nerea Galdonak eta Erkuden Aldazek. 

Informazio gehiago eta izena emateko aukera hemen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun