Baztan Rugby Taldeak ere kirol ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 25a, 20:00
BRT Menditarrak taldeak ez du oraingoz errugbian entrenatzeko edo jokatzeko modurik ikusten, gaur egungo egoera kontuan hartuta. Argazkia: Pello San Millan

Errugbi segurua praktikatzeko baldintzak ez direla betetzen eta oraingoz entrenamendurik ez dute eginen eta partidarik ez dute jokatuko

BRT-Menditarrak Rugby Taldeko zuzendaritza batzordeak Covid-19ak utzitako egoera dela medio eta gaur egun dauden zalantzak direla eta, momentuz kirol ekintza guztiak bertan behera uztea erabaki du, «errugbi segurua praktikatzeko kondizioak ez baitira betetzen».

BRTk txapelketa autonomikoetan parte hartzen du eta momentuz antolatzaile diren Euskadiko eta Nafarroako errugbi federakundeek ez dute txapelketeen berririk iragarri. Ez txapelketik izanen den, ez datarik, ez txapelketa sistemarik.

Egungo egoera dela eta, BRT Menditarrak taldeko zuzendaritzaren ustez ez da bideragarria kirol hau praktikatzea, «kontaktua handia baita, distantziak ezin dira mantendu eta babesik (musukorik) ez dago».

Jokalari, haur, entrenatzaile eta familien osasuna ere ezin zute bermatu. «Klubeko talderen batean koronabirus kasu bat izanez gero, talde horren konfinamendua eraginen zuen, 25 pertsona inguru. Nahiz eta inposatu eta gomendatutako segurtasun neurriak bete eta errespetatu (aldagelak ez erabili, materiala ez konpartitu, materiala garbitu etab…) taldekide guztiak kontaktu zuzenak izanen lirateke», diote oharrean.

Idatzian diotenaren arabera, «talde “amateur” bat gara, non jokatu , erakutsi eta bere baloreak transmititzen ditugun bihotzez. Baina gaur egungo egoera ikusita, gizarteari esku bat bota behar dugula uste dugu, gure kirola momentuz alde batera utziz. Zonaldean gure laguntza xumea gauzatu nahi dugu, ahal den neurrian birusaren transmisioa eragotziz eta bere osasun ondoriok ondorio ekonomiko eta sozialak ekidinez. Izugarrizko pena ematen digu gure kirola alde batera utzi behar izateak momentuz, badakigun bezala, erabaki gogorra da jokalari aunitzendako. Hori dela eta, egoera hurbiletik jarraituko dugu eta ea 2021ean kirol eder honetara itzultzen ahal garen».

Bitartean, BRTko zuzendaritza taldeak lanean segituko du, «taldekideak elkarrekin kontaktuan jarraitu dezaten nolabaitere (kontaktu gabeko kirol ekintzak, kirol formakuntzak etab…) jokalariak taldean mantendu ahal izateko. Martxan dauden bertze taldeetara edo kiroletara joatea saihestuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun