Mega Baztan Park proiektuaren alde edo kontra bozkatu aitzinetik ongi aztertzea eskatu dute Berro eta Beartzungo barrideek

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 24a, 09:00
Berro auzoa, Elizondo eta Beartzun arteko bidean.

Irailaren 4an BKZ-k Elizondoko kuartelerako deituriko bileran egon ondotik, Berro eta Beartzungo barrideek BKZ Abentura Parkea handitzearen inguruko informazioa jaso zuten. Irailaren 14ean, bi auzoetako barrideek Arizkunenean egindako bileran informazio nahikorik ez zegoela adierazi zuten. Kezka dago proiektuak errepidean nola eraginen duen, «bidea arras meharra da, toki batzuetan ez dira bi kotxe gurutzatzen ahal eta gainera zirkulazio dezente dago jada, barride, eskoletako taxiek, kamioiak eta abar. Gainera, bide hau Elizondoko haur eta heldu aunitzek erabiltzen dute paseatzeko eta bizikletan ibiltzeko», adierazi dute bizilagunek.

Bilera honetan ere, BKZ-k aitzineko aurkezpenetan erakutsi ez zituen proposamen berriak agertu zituen, hala nola aparkaleku berri bat, aparkalekua betez gero autobus 'lanzaderak' erabiltzeko asmoa edo ikasleak formatzeko ikastaroak.

Guzti hau ikusita Berro eta Beartzungo bizilagunei ez zaie iruditzen seriotasunez hartu denik gai hau, «proiektu argi eta zehatz baten beharra ikusten dugu, kotxe kopuruaren handitzea nola kudeatu behar den, segurtasuna bermatzeko zein moldaketa proposatzen diren Paularenako bidegurutzetik hasita Beartzungo auzoraino. Nork bermatu behar du guzti hau? BKZ-k?, udalak?, Nafarroako Gobernuak?»

Bizilagunen ustez «hau guztia kea da, airean dago, ez dugu aurreko fasean gertatu zitzaiguna berriz gertatzea: ahoz agindutako baldintzak, paperean ez sinatzeagatik bete gabe gelditu baitira». Horren adibidetzat jartzen dituzte «autobusekin gurutzatzeko zabalguneak, ez dela seinale bat bera ere paratu ez pintatu, ezta bezero taldeak errepide inguruan daudela adierazteko ere, susto bat baino gehiago eraginez eta arras gutitan joan dira furgonetak autobusaren aurretik autobusa datorrela abisatuz».

Barrideei aunitz arduratzen die gauzak egiteko dauden prisak, «ezin da etxe bat teilatutik hasi, edozertan hasi baino lehen bidea nola geldituko den azaldu beharra zaigu behar den bezala idatziz eta ardura hartuko duten erakundeen babesarekin».

Guzti hau erranik, Berro eta Beartzungo barrideek zera eskatzen diete Baztango herri guzietako batzarrei: «Urriaren 1ekoBatzar Nagusiaren aurretik herrietan egingo diren batzarretan gai hau ez bozkatzea, ez baiezkorik ezta ezekorik ere. Ez gaude proiektuaren kontra, hau ongi aztertu ahal izateko gauzak ongi aurkeztea eskatzen dugu, berme guztiekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun