Batzarrea eginen dute Elizondon irailaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 22a, 09:00

Irailaren 25ean batzarra eginen du Elizondoko Herriak. Iriarte Frontoian elkartuko dira 20:00etan eta sei puntuko gai ordena izanen dute mahai gainean. Tartean, BKZ enpresaren Baztan Abentura Park 'Mega Baztan Park' bilakatzeko proposamenari buruz arituko dira.

Aurreko batzarreko aktaren irakurketa eta onespena eginen dute lehendabizi, hala erabakitzen bada. Bigarrenik, 2020 urteko etxesariko diru bilketaren gastu plana aurkeztuko dute. Hirugarren puntu bezala Erlategi eta Abartan karriketan trafiko erregulazioaren onarpena proposatuko dute. Ondotik hilerriko idazkaritza lana agentzia baten esku uztea eta hilerko Komisioarekin elkarlanean aritzea eztabaidatuko dute.

Bosgarren puntu gisa BKZ enpresaren Baztan Abentura Park 'mega Baztan Park' bilakatzeko proposamenaren gainean arituko dira. Berro eta Beartzungo zenbait barridek batzarreari eskatzen diote BKZ-k egindako eskaera ez bozkatzea, euren ustez «informazioa falta» delako. «Errepidearen inguruko bermeak eta proiektu konkretu bat» falta direla diote. Eskaera hau ez bada onartzen, BKZ-k egindako eskaera bozkatuko da. 'Baztan Abentura Park' handitzeko herri lurren okupazioa handitzea alegia. Modu horretan proiektuan aurreikusten diren ekintza guztiak onartuko dira eta behin betiko proiektu teknikoa idazten hasiko lirateke.

Batzarrea bukatzeko galde-eskeen tartea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun