Erdizko meategiaren proiektuaz

«Magnaren proiektuak hilzorira eramanen lituzke gaur egun Baztanen gelditzen diren nekazaritza esplotazioak»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 19a, 14:00

Baztango nekazariekin batera, Erdiz Bizirik plataformak prentsaurrekoa egin zuen atzo Elizondon. Magna enpresak Erdizen duen meatzaritza-proiektua eta Baztanen gelditzen diren nekazaritza esplotazioak bateraezinak direla azpimarratu dute, eta Magnaren proiektuak «nakazari belaunaldi gazteek berriki martxan paratu dituzten esplotazioak hilzorira eramanen dituela» ohartarazi dute.

«Baztango nekazariek argi utzi nahi dugu, orain dela hamahiru urte bezalaxe, orain ere Magnak Erdizen proposatzen duen proiektua Baztango nekazaritzarekin bateraezina dela» azpimarratu zuten atzo egin zuten agerraldian. «Badakigu Magna multinazionala saiatu dela gutako batzuekin harremanetan paratzen, enpresa hauek ohitura duten bezala, gure hitza beren erasoak justifikatzeko erabili nahian. Gure mezua argia da: ez dezatela denbora gehiago galdu Erdizeko bazkalekuari gezurretan oinarritutako alternatiba artifizial bat proposatzen. Erdizeko bazkalekua ordezkaezina zen orain dela hamahiru urte, ordezkaezina da gaur egun, eta ordezkaezina izanen da etorkizunean ere» arrazoitu dute. 

«Behin eta berriz aldarrikatu dugu lehenbiziko sektorea bizirik mantentzearen garrantzia. Azkeneko hamarkadetan gure ogibidea, bizimodua eta kulturaren oinarria den nekazaritzak alimaleko erasoak jasan ditu. Erdiz Baztango nekazaritzarendako alternatibarik ez duen sustengoa da. Erdizeko bazkalekuarekin sektorea bizirik mantentzea zaila baldin bada, Erdiz gabe ezinezkoa da. Magnaren proiektuak hilzorira eramanen lituzke gaur egun Baztanen gelditzen diren nekazaritza esplotazioak, gehienbat nekazari belaunaldi gazteek berriki martxan paratu dituztenak» ohartarazi dute. 

Horiek horrela, «proiektu hau gure bizimoduaren  eta etorkizunaren kontrako eraso gisa» ulertzen dutela azpimarratu dute. Horregatik, dei egiten diete herritar guztiei eurekin batera proiektu hau gelditzeko borrokatzera eta hemendik aitzinera antolatuko diren mobilizazio guztietan parte hartzera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun