Aurkeztu zeure burua.
Zigan bizi den 21 urteko gaztea.
Zer zaletasun dituzu?
Musika aditu eta jotzea, irakurtzea... Duela gutti ekin diot argazkilaritzari.
Lehen Hezkuntza gradua ikasten ari zara. Sei hilabeteren buruan, nolakoa izan da klaseetara buelta?
Hirugarren maila etxetik akitzeak tristura handia eragin zidan, baina aurtengo kurtsoa modu presentzialean hasi dugu.
Ezohiko uda izan da aurtengoa. Gozatzeko modurik izan duzu?
Maiatzeko azken astean akitu genuen ikasturtea eta geroztik herrian egon naiz. Lagunekin hainbat toki bisitatu ditudan arren, herriko bestarik ez izateak uda bertze modu batera gozatzera eraman nau.
Nolako ikasturtea aurreikusten duzu?
Arraroa eta kaotikoa. Arraroa da ikaskideak maskararekin ikustea edo bata bertzearengandik urrun egotea. Presentzialki hasi badugu ere, ez dut online bidezko klase batzuk izatea baztertzen. Zorionez, ni lagun baten pisuan nago eta alde horretatik alokairuari dagokionez, aldaketarik ez dugu egin behar izan.
Astegunak Iruñean pasatuko dituzu... Egoera honetan herrian seguruago sentituko zara?
Bai, egia da egoera honetan segurtasun puntu bat ematen didala Zigak. Herrian jende gutiago dagoelako... Baina, bertzalde, ez dago aurreikusterik. Gutien espero denean kutsatzen ahal gara eta!
Gazteak arazoaren iturburu gisa aipatu dira maiz. Zer iritzi duzu horretaz?
Gaur egun ohitura handia dago gizarteko alor anitzetan gazteei errua botatzeko, baina gazte ez diren pertsonek ere badute beraien erru puntua.
Egoera berezi honetan, asteburuko planik onena?
Familiaz gozatzea, lagunendako tartetxo bat utziz... Haiekin bildu eta afaria, egun-pasa edo dena delakoak egitea plan ederra da!
Inguruko txokorik ederrena?
Ederrena ez nuke erranen... baina, niretako bereziena Obarko parajea da.
Zer du Zigak bereizgarri?
Herri txikia izate hutsak badu berezko xarma.
Amets bat?
Bizitzari ezarritako helburuak askatasunez bete ahal izatea dut amets.