Paskual Rekalde

«Eskola akitzean euskarak segida behar du katea eten ez dadin»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 19a, 08:00

Paskual REKALDE IRIGOIEN, Amaiurko euskaltzain osoa

Uztailaren 17an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Amaiurko hizkuntzalaria. Andres Iñigo iturendarra euskaltzain emeritu bihurtzean sortutako hutsunea beteko du akademian.

Bihotza eta lana euskarari emanak dituela bizi da Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963). Euskara du ogibide, baita pasio ere, eta aspalditik gainera. Berak dioen bezala, «herri arras euskaldunean» hazi zen, eta oinarrizko ikasketak Amaiurren eta Oronozen egin ondotik, Euskal Filologia ikastea erabaki zuen. Orduan piztu zitzaion euskara barnetik gehiago ezagutzeko ezinegona. Gasteizen unibertsitate ikasketak akituta, irakasle aritu zen, eta bi urteren buruan Nafarroako Gobernuarentzat euskara itzultzaile lanetan hasi zen. Horixe du ofizio geroztik. Euskararekiko maitasunak, ordea, urrunago eraman du eta horren seinale, Euskaltzaindiak agudo jo zuen begiz. Koska bat goiti eginez, uztailaren 17an Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen. 

Aspalditik harreman estua duzu Euskaltzaindiarekin...
Euskaltzaindian orain dela 20 urte hasi nintzen, 2003an euskaltzain urgazle izendatu aitzinetik Nafarroako jende guti zegoela eta, batzordeetan parte hartzeko gonbita egin zidatenean. Hizkuntzaren inguruan aritu izan naiz beti eta horretan segitzen dut: hiztegian, toki eta pertsona izenekin, gramatikan, euskara batuaren eskuliburuan, kontsulta zerbitzuan... 

Euskaltzain urgazle izatetik oso izatera. Aldaketa izan da?
Ohorea da euskaltzain oso izendatu izana, baina aldi berean, lan-karga handiagoa izanen da. Hasteko, bilera gehiago izanen ditut, hilabetean behin egiten diren osoko bilkuretan ere parte hartuko dut. Orain arte, batzordeetan egindako lanak osoko bilkurari proposatu eta hori zen erabakiak hartzen zituena. Orain erabaki horietan parte hartuko dut eta horrek badu erantzukizuna. 

«Eskuindarrek euskara museoan sartu nahi dute»

Nola ikusten duzu Euskaltzaindia gizartean?
Ez du fama txarra. Bere garaian izan zuen, arauak aunitz aldatu direla erran izan da, baina hizkuntza moderno guzietan bezala arauak beharrezkoak dira eta euskararen kasuan, batua dela eta, arrazoi gehiagorekin. Gainera, bere garaian arauak ematen hasi eta ematen segitze hori instituzio bizi baten seinale da. Arauak emateak hizkuntzari, euskarari, mesede egiten dio. Alderdi eskuindarrek Nafarroan euskara museoan sartu nahi dute, museoan arras polita gelditzen baita, eta gero Gora Erronkariko euskara! erran. Baina hori ez da kontua. Ez gara hildakoa berpizten hasiko, nahikoa lan daukagu daukagunarekin eta horrekin bizitzen. Gizarteak zein behar dituen aztertu eta horiei erantzun behar die Euskaltzaindiak. Egindako lana gizarteratzea da akademiaren erronketako bat, ez dadin armairuetan gelditu.

 

Euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanaz ere maiz aritu izan zara...
Lehendabizi erran behar da euskara bat eta bakarra dela, baina euskalkien ñabardurak hor daudela. Baztanen, adibidez, Oronoztik Amaiurrera bada aldea, eta Bortzirietan, Arantzatik Etxalarrera ere bai. Bien arteko bereizketa handiagoa zen garaiak izan dira baina euskalkiak eta euskara batua elkarren osagarri eta aberasgarri dira. Euskara batuak euskalkien aberastasunak hartu eta horiek txertatu behar ditu. Aunitzetan entzuten da hizkuntza maila okerragoa dela, oraingo gazteek ez dakit nola egiten dutela... baina orain dela ehun bat urte ere halakoak aditzen ziren. Hizkuntza maila aunitz aldatzen ari da, diferente egiten da eta egia da erdarara lehenago baino gehiago jotzen dela. Frantsesa eta gaztelania hizkuntza handiak dira, euskara erdian dago, eta haien eragina handia da. 

«Euskalkiak eta euskara batua elkarren osagarri eta aberasgarri dira»

Tokian tokiko fonetismoek gero eta toki gehiago dute idatzizkoan...
Karteletan, herriko bestetako programetan maiz ikusten dira: launbeta, «Lekauzko tortille, amabirjinein ermite... Ez dakit zergatik egiten diren. Lekauzko tortille idaztea edo 'Lekarozko tortilla' idaztearen artean ez dago alde handirik eta gauza bera itenalkot idatzi ordez 'egiten ahalko dut' idatzita. Ulertzekoa da sare sozialetan nork bere hizkeran idaztea, hor idazten duten batzuek ez dute bertzela idazten ere jakinen, ez direlako eskolatik pasatuak. Baina gazteek, zorionez euskaraz alfabetatuak baitira, ez dute inolako arazorik euskara batuaz idazteko. Gainera, helburua mezua transmititzea eta ingurukoek ulertzea baldin bada, ingurutik edo herritik kanpo ez dira euskaldun guziek ulertzeko modukoak. Ez gaztelaniaz ezta frantsesez ere ez dira ikusten halakoak eta ez diote ekarpenik egiten euskarari. Euskaraz idazteko araudia badugu, eta bertze bat egin behar dugu tokiko euskararentzat? Bertze bat herri bakoitzeko? Norberak bere euskalkiko hitzak erabiltzen dituelarik, zuzen erabiltzea da kontua. 

Ahozkoari dagokionez, gero eta euskara batuagoa egiten dugu?
Gaur den egunean, eskolak euskara berdintzen du. Gero eta euskara batuagoa egiten ari gara, baina zorionez, oraindik euskalkien ñabardurak zaintzen dira; gazteek guttiago beharbada. Maiz, haurrek euskara bateratu horrekin, gurasoei zuzentzen hasteko joera dute. Alde horretatik, garrantzitsua da euskalkien ñabardurak hiztegian sartzea, eta horretan ari da etengabe Euskaltzaindia. Euskara batua egin zenean, nahiko bide meharra hartu zen, eta orain, oinarria sendotua dugunean, zabaltzen ari da eta euskalkien marka duten hitzak sartzen dira. Hala ere, txarrena gazte eta aunitzendako euskara eskolako kontua izatea da. Gure inguruan, ez da hirietan adina sumatzen, baina hemen ere bada arriskua. 

Zerk du lehentasuna: kalitateak ala kantitateak?
Ni kalitate zalea naiz, baina hiztunik ez badago, lau lagun geldituko dira. Hortaz, kalitatea behar-beharrezkoa da baina baita hiztunak ere, ongi egiten dutenak eta xede horren bidean daudenak edo ahalegintzen ari direnak. 

«Oraindik tarte handia dago euskararen ezagutzatik erabilerara»

Nafarroan euskara osasuntsu dago?
Aunitzez ere okerrago egon izan da, baina hobeki ere egon daiteke. Oraindik tarte handia dago euskararen ezagutzatik erabilerara. Eskola akitzean segida izatea falta zaigu, etenik ez izatea: etxean edo eskolaz kanpoko ekintzetan euskarak segida izatea, sare sozialetan euskarari tokia egitea... Euskara alde guztietara hedatu behar dugu eta denok egin behar dugu gure aldetik. Hala ere, hizkuntza minorizatua denez, botere publikoek ere gehiago lagundu beharko lukete eta hori da anitzetan ikusten ez dena. Krisi garaiak arriskutsuak izaten dira, eta aurrekontuak murrizten hastean, beti gauza ttikiak kentzen hasten dira. Ea orain Covid-19aren kontu honekin zer gertatzen den. Ez da laguntzetatik bakarrik bizi behar, baina hizkuntza ttikia denez, laguntzak behar dira. Gobernuak eta erakunde publikoek euskara, gaztelaniarekin batera, Nafarroako hizkuntza dela sinetsi behar dute. Legeak Nafarroako berezko hizkuntza euskara dela dio, baina eremuen arteko bereizketak egiten ditu. Hori aldatu behar da. Mendigorrian edo Tuteran bizitzeagatik euskaraz ikasteko aukerarik ez izatea onartezina da.   

Zer diozu eskualdeko egoeraz?
Herritik herrira bada aldea, baina azken 30 urteotan aldaketa handia eman da. Garai batean, Elizondon, Donezteben, Beran eta guttiago Lesakan, erdara aunitz sumatzen zen eta gaur den egunean, jendea euskaraz solastatzen da. Horrela segitu behar dugu, euskaraz mintzatzen, etxean, eskolan eta bertze eremuetan, katea eten ez dadin.

Irakasle hasi zena itzultzaile eta hizkuntzalari


Euskal Filologia edo Historia ikasketen artean zalantzan ibili ondotik, euskal ikasketen aldeko hautua egin zuen Rekaldek. Amaiur utzi eta Gasteizera joatea «aldaketa handia» izan zela dio, «bertze mundu bat ezagutzea». Ikasketak tarteko, bortz urtez «joan-etorrian» ibili ondotik, irakaskuntzan hasi zen. Bi urtez izan zen irakasle, «Azpeitian eta Hondarribian». 

Itzultzaile eta euskaltzain
1988an Nafarroako Gobernuko euskara itzultzaile izateko oposizioa gainditu zuen, eta «irakasle izateko oposizioak gaindituta Gasteizen plaza banuen arren, itzultzaile lana probatu nahi izan nuen». Halaxe hasi zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzuan. Gero, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuan aritu zen eta 2015etik Euskarabidean dihardu. 

Euskaltzaindian 2000an sartu zen eta gaur egun, corpus, gramatika eta onomastika batzordeetan parte hartzen du, baita hiztegi batuko lantaldean eta Euskara Batuaren Eskuliburuan ere. Euskalkien lantaldearen, Hizkuntza Kalitatearen Behatokia zerbitzuko eta Jagonet kontsulta-zerbitzuko arduraduna da eta akademiaren Nafarroako ordezkariorde. Hainbat liburu eta artikulu ere idatzi izan ditu, tartean, euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Orain, euskaltzain oso izendatuta, zortzi bat hilabete izanen ditu sarrera hitzaldia idazteko. «Hizkuntza kontuekin lotutakoa» izanen omen da, eta ekitaldia Amaiurren egin nahi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun