Inaugurazio ekitaldian Rebeca Esnaola Kultura kontseilariak, Joseba Otondo Baztango alkateak, Oihane Prim Iruritako alkateak, Ondare Historikoaren Zerbitzuko langileak, zinegotziak eta obraren arduradunak parte hartu dute.
Iruritako Jauregizarrea
Iruritako Jaregizarrea Baztango Udalarena da eta 1949an 'Monumentu Nazional' izendatu zuten. Ez hain aspaldi arte baserri izana da: beheitian aziendak, lehen eta bigarren solairuan etxebizitza, eta hirugarren solairuan belartegi edo ganbara gisa erabiltzen zuten. Kanpotik harrizko eskailera estali bat ere badu, solairu nagusira sarbide funtzioa egiten duena.
Aspalditik kasu handirik egin gabe, dorretxea noiznahi erortzeko arriskuan zegoen. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak dorrea egonkortzeko egitura bat jarri zuen, eraikina erortzetik salbatzeko, eta, handik gutira, zaharberritze-lanak hasi zituzten.
Azken fasean, 2018tik 2019ra, dorretxea barnetik moldatu zuten: barneko solairuetako zur-lan guztiak eta baita Dorrearen ingurua txukundu ere. Fase honek 319.418 euroko gastua ekarri zuen.
Orain bisitariak dorrera sartzeko bidea egokitzea falta da. Barruan dorretxearen historiari eta arkitekturari buruzko erakusketa-elementuak sartu nahi dituzte, baita Baztango eta inguruko bertze dorretxe batzuenak ere. Lan hauek Baztango Udalak eginen ditu.