Irailaren 12an, irekiko dute Baztango Udalak komikia sustatzea helburu duen Tiza elkartearen laguntzaz antolatutako erakusketa. Interesa duten guztiek, arratsaldez, bi orduz, 18:00etatik 20:00etara, bisitatu ahal izanen dute. Komikizaleek, Elizondoko Arizkunenea kultur etxeko Ernest gelan, bailara ardatz duten binetak ikusteko aukera izanen dute urriaren 4ra arte.
Tailerra irailaren 19an
Ikusteko ez ezik, komikiak sortzeko oinarrizko alderdiak lantzeko aukera izanen dute Elizondon. Irailaren 19an, goizez (10:00etatik 14:00etara), tailerra eginen dute. Arizkunenean bilduko dira.
Mikel Santos Martinez Belatz, Nafarroako ilustratzaile eta komikigile ezaguna eta Mikel Urmeneta taldeko partaidea izanen dute irakasle, 2008tik Kukuxumusuren Marrazkien Lantegiko partaidea izan zena. Bere laguntzaz, parte-hartzaileek komikiaren hizkuntza, planoak, baliabideak, metafora bisualak, narrazioa... modu praktikoan jorratzeko aukera izanen dute.
Helduentzako saioa izanen da, eta beraz, parte hartu ahal izateko 14 urte baino gehiago izan beharko dira.
Izena eman nahi dutenek tizacomic@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. Ez dute deus ordaindu beharrik izanen baina edukiera mugatua izanen da.
Lego piezak, sormena lantzeko
Haurrek ere izanen dute gozatzeko tarterik. Izan ere, irailaren 26an, hondarreko larunbatean, bortz eta hamabi urte artekoendako tailerra izanen dute. Lego piezak eta pertsonaiak erabiliz, haurrek hainbat eszena sortu eta beraien istorioak modu sekuentzialean kontatu ahal izanen dituzte, hiru dimentsiotako komiki bat izanen balitz bezala.
Discover Bricksek emanen duen tailerrean 11:00etatik 13:00etara bilduko dira. Izena eman nahi dutenek info@discoverbricks.es helbidera idatzi edo 636 47 99 65/636 45 07 45 telefonora deitu beharko dute.