Ikasturte berezia izanen da aurtengoa Baztan Ikastolarentzat

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 8a, 08:30

50 urte beteko dira ikasturte honetan Baztan Ikastola martxan paratu zutenetik. Osasun egoera dela eta zailtasunak egon arren 50. urteurrena modu xume eta berezian ospatu nahi dute.

Ilusioz eta gogoz ospatu nahi dute Baztan Ikastolako lagunek 50. urteurrena. Kurtso honetan beteko da mende erdia ikastola martxan paratu zenetik. 1970-71 ikasturtean eman zitzaien hasiera eskolei.

Egun bizi den osasun egoera dela eta, erraza ez izan arren, 50. urteurrena ospatuko dutela ez dute zalantzarik Baztan Ikastolako kideek. Hainbat ekimen aitzinerat eramatea da euren asmoa, modu berezi eta xumean ospatuz. Ikasturteari hasmenta emateko 50. urteurreneko logoa margotu dute ikastolak dituen bi eraikinetan.

Laster kamisetak eta musukoak salgai izanen dituzte. Ikasturtean zehar berriz, argazki erakusketa, kanta eta dantzekin osatutako DVDa argitaratu eta ekainean bazkaria egin nahi dituzte, osasun egoerak uzten badu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun