«Baztan uztea pena izan da baina orain Osasunan ikasi eta gozatu nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 6a, 09:30
Izaro Urrutiak eta Berta Mungirok Osasunan eginen dute hurrengo denboraldia.

Izaro URRUTIA ITURRALDE Osasunako atezaina

Heldu den denboraldia Osasuna futbol taldean eginen du Izaro Urrutia elizondoarrak. «Ikasteko eta gozatzeko» baliatu nahi du aukera

Anaia zaharrenari begira sortu zitzaion futbolean aritzeko grina Izaro Urrutia Iturralderi (Elizondo, 2007). «Zazpi urte inguru» zituela eman zuen izena Baztan Futbol Taldean: «probatzeko gogoz joan nintzen, jokalari edo atezain ez nuen argi, baina azkenean atezain aritzea erabaki nuen...». Ez da hartutako erabakiaz damutu, ateak zaintzeak ate andana ireki baitizkio.  

Aisialdia baloiaren bueltan
Ongi oroitzen ditu Baztan Futbol Taldean egindako lehenbiziko entrenamenduak, baita urte hauetan eredu izan dituen entrenatzaileak ere: «Romanekin hasi nintzen, udan Felipe izaten genuen eta ondotik Migel Angelekin aritu gara, azken denboraldia berarekin egin dugu». Astean bi aldiz Baztan Futbol Taldekoekin eta ortziraletan atezainekin egindako lanketek lagunartean izan dute segida: «aisialdian ere aunitzetan futbolean aritzen naiz». Eta horri guztiari esker, emaitza onak lortu dituzte: «azken denboraldian arras ongi aritu gara, martxoan partidak eten zituztenean bizpahirugarrenak gindoazen». 

Talde lana 
Futbola «talde lana» da Urrutiarentzat eta, horregatik, atezain izateak ez du jokalari izateak baino pisu handiagoa berarendako: «gola sartzerako momentuan presio pixka bat sumatzen dudan arren, dena ez dago nire esku». 
Partidak jokatu ez ezik, ikusi ere egiten ditu elizondoar kirolariak. Izan ere, Urrutia- Iturralde familian futbolzaleak dira: «bereziki Osasunak jokatzen dituen partidak segitzen ditugu».  

Ikustea eta aritzea ez da gauza bera: «jokatzea zailagoa da, eta aurkariak nola jokatzen duten ez dakidanean urduri sentitzen naizen arren, aritzea ikustea baino gehiago gustatzen zait, hobe pasatzen dut». 

Atezain onenaren saria
Partida batetik bertzera ere sumatu du alderik: «herrian jokatzen dugularik gehiago animatzen gaituzte eta hori eskertzekoa da». Partida batzuk animoengatik eta bertzeak eman dioten aukeragatik oroitzen  ditu. Azken horien artean «Baztan Futbol Taldeko neskek Nafarroako Selekzioarekin jokatu genuen lagunarteko partida» mugarri izan da berarendako: «horren ondotik, maiatzean eta abenduan, Nafarroako Selekzioan jokatzeko deitzen hasi zitzaizkidanez, niretako berezia izan da...». 

Deiak ez ezik, bere gaitasunaren aitortza gisa, sari bat ere eskuratu zuen iaz Urrutiak Tomas Caballero memorialean: «nire adintsuko bertze neska batzuekin parte hartu nuen eta bukatu zelarik atezain hoberenaren saria eman zidaten». 

Baztandik Osasunara, zapore gazi-gozoz
Maiatzaren erdialdera Osasunan aritzeko gonbidapena jaso zuen Urrutiak: «deituko zidatela errana zidaten arren, deitu arte zenuen sinetsi». 
Zapore gazi-gozoa eragin zion deiak. Izan ere, «Baztan berezia da niretzat eta uzteak pena eragiten didan arren, Osasunan aritzeko aukera izatea ezin izan dut pasatzen utzi. Esperientzia hau ikasteko eta gozatzeko baliatu nahi nuke».

Zaletasuna eta gaitasuna
Abuztu erdialdean hasi zituzten entrenamenduak eta ordutik, astean hiru egunez Iruñera joaten hasia da Urrutia. Hemendik aitzinera, ikasketekin bateratu beharko ditu entrenamenduak baina, momentuz behintzat, horrrek ez dio kezkarik eragiten: «normalean entrenamenduak ilunabarretan izanen direnez eskolako lanak aitzinetik egin ahal izanen ditudala uste dut...». 

Berta Mugiro eta biak izan dira Osasunak Baztandik deitu dituen azken jokalariak eta elkarren babesa izatea «lagungarri» dela uste du Urrutiak: «nahiz eta ezagunak ditudan herritik bi joatea beti da on». 

Baztanek badu futbolerako zaletasuna, baztandarrek badute gaitasuna. Bikote gazte horrez gain, bertze bi jokalari ere badira Osasunan eta: Uxoa Bertiz eta Elur Meoki.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun