Garraio zerbitzu osoa berriz paratzeko eskatu dio Baztango udalak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 15:30

Maiatzaren 25az geroztik, Elizondotik Iruñera eta Donostiara astegunez izaten ziren bidaiak gutiago dira eta asteburu eta besta egunetan ez dute zerbitzurik eskaintzen.

Garraio publikoa lurraldea egituratzeko baliagarria dela, kohesio sozialean laguntzen duela eta klima aldaketa saihesteko lagungarri dela iritzita, Baztango EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartuta, Baztango udalak zerbitzu osoa martxan paratzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Maiatzaren 25az geroztik Elizondotik Iruñerako eta Donostiarako autobusen joan-etorria murritzagoa da. Izan ere, Nafarroako Gobernuak asteguneko zerbitzua gutitzea eta asteburu eta besta egunetako zerbitzua kentzea erabaki zuen. Zerbitzuak Elizondo aipatutako hiriburuekin lotzeaz gain, tarteko herri guztiak ere lotzen dituenez gero, Baztango udalaren ustez, zerbitzuak «bere muga guztiekin, lurraldea egituratzeko balio du».

Garraio publikoaren erabiltzaileak «adinekoak, emaztekiak, etorkinak eta gidabaimenik gabekoak» dira eta ikasturtean «ikasleek ere» baliatzen dutela adierazi dute. Hortaz, kohesio sozialaren ikuspegitik «oinarrizko zerbitzu publikoa» delakoan daude, «herritar guztiei mugitzeko eskubidea bermatzen dien neurrian, bederen».

Alarma egoera indargabetu denetik, autodun herritarrei harat-honat mugitzeko baimena eman zaie, baina garraio publikoko erabiltzaileek mugitzeko eskubide hori bera murrizturik dute, zerbitzuan izan den  mozketagatik. Horrek aipatutako erabiltzaileak bereziki «kaltetzen» ditu, baita gainerako herritarrak ere: «mugitzeko aukerari dagokionez herritarren mailakatze kezkagarria sortzen da, zenbaitzuetan, mugitzeko eskubidea praktikan ukatuz».

Bertzalde, oharrean adierazi dutenez, «garraio publiko kolektibo zerbitzua klima larrialdiak eskatzen duenaren azpitik dago, nabarmen gainera». Planetaren beroketa ekartzen duen autoetan bakarka mugitzeko eredua gainditzea «lehentasunezkoa» dela dio udalak, bertzeren artean garraio publiko kolektiboa indartuz. Eta, bistan dena, mugitzeko beharra gutituz. 

Zentzu horretan, «deigarria da komunikazio-azpiegitura berriak egiteko egiten ari den ahalegin publikoa, AHT adibidez; deigarria gaurgero badagoen garraio publiko zerbitzua bermatzen ari ez delako eta, horregatik, herritarren mugitzeko eskubidea ere bermatzen ari ez delako».

Horregatik guztiagatik, Baztango udalak Nafarroako Gobernuari garraio publiko «zerbitzu osoa lehenbailehen berriz paratzeko» eskatu dio, «oraingo osasun krisirat egokitutako segurtasun protokoloekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!