Autokarabanak aparkatzea arautzen duen udal ordenantzari buruzko ekarpenak egiteko epea ireki du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 21a, 18:00

Herritarrek autokarabanak aparkatzeko ordenantzari buruzko iritziak helaraz ditzakete.

Baztango Udalak autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen duen ordenantza onartu nahi du. Herritarrek erreglamendu-mailako arauak egiteko prozeduran parte hartuko dutela bermatzeko, aldez aurreko kontsulta publiko bat egin du, iritzia jasotzeko.

Herritarren iritzia biltzeko, udal ordenantza egin aitzinetik, aurrekariak, konpondu nahi diren arazoak, premiak, helburuak eta ahalbideak ageriko egin dira. Adierazi dutenaren arabera, Baztanek «gero eta turista gehiago» jasotzen ditu eta horrek «aparkatzeko eta kanpatzeko tokirik ez» izatea eragiten du. 

Ordenantzaren bidez, natura-baliabideak eta guneak zaintzea, pertsonen segurtasuna eta aparkaleku publikoen erabilera bermatu nahi dituzte, horretarako beharrezko seinaleak jarriz.

Herritar, erakunde eta elkarteek iritziak posta elektroniko bidez bidal ditzakete ekarpenak@baztan.eus helbidera ediktua udalaren webgunean argitaratu eta ondoko hogei eguneko epean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun