Baztango Musika Eskolan gertatzen ahal diren beharrak asetzeko gitarra irakaslea behar dute

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 20a, 13:00
Hautagaiek abuztuaren 26ra arte eman dezakete izena.

Euskara ezagutza duten gitarra irakasleen izengai zerrenda bat osatzeko deialdia egin du Baztango Udalak, musika eskolan gertatzen ahal diren beharrak asetzeko.

Izengaiak Europar Batasuneko edozein estatuko herritarra, adinez nagusia, 1966ko planeko erdi mailako titulatua, homologazio-egiaztagiria duena eta fisikoki eta psikikoki gaitua izan behar du. Horrez gain, euskara jakin eta EGA titulua edo baliokidea egiaztatu beharko du (titulua aurkeztu ezean proba eginez).

Epeak

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 26an akituko da eta, ondotik, Baztango Udalaren webgunean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute.

Hautaprobak

Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da; lehenbizi, lehiaketaldia izanen da eta gero oposizioaldia. Lehiaketaldian, gehienez, 30 puntu lortuko dira (irakaskuntza-esperientzia eta merezimendu akademikoak ardatz hartuz). Oposizioaldian gehienez ere 70 puntu lortuko dira eta proba-praktikoa izanen da. Hautagaiak eskolako ikasle bati eskola praktiko bat eman beharko dio euskaraz.

Deialdiari buruzko xehetasun guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean daude irakurgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun