Traktorearekin amilduta gizon bat zauritua Zigan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 17a, 21:15

Astelehen goizaldean aurkitu dute Guardia Zibilak eta suhiltzaileek larriki zaurituta zegoen 53 urteko gizonezkoa. Etxera itzuli gabe zegoela eta, berantetsiak, familiak desagerpenaren abisua emana zuen 112 telefonoan.

Zauritutako gizonezkoaren amak emana zuen abisua Larrialdien telefonora deituta. Ageri denez, bere semea igande arratsaldeko hiruak aldera atera zen traktorearekin Zigako baserritik ganadua zaintzera. Etxera ez zela itzultzen eta, amak abisua eman eta SOS-Nafarroak koordinatuta bilaketa lanetan hasi ziren baserri inguruetan.

Goizaldeko 5ak aldera, suhiltzaileek eta Guardia Zibilaren patruila batek aurkitu dute mendian beheiti amildutako traktorea eta zaurituta zegoen gizonezkoa. Zauri eta traumatismo larriak zituenez, berehala, anbulantzia medikalizatu batean sartu eta Iruñeko Ospitalgunera eraman dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun