Autokarabanen aparkatzea arautzeko ekimena abiatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 14a, 10:00
Autokarabanak aparkatzeko lekua Ordokin. Hemen, Lizarmeakan eta Belaten paratutako lekuetan eman dezakete gaua ibilgailu hauek, baina bertze lekuetan debekatua izanen dute. Argazkia: Ondikol

Baztanen autokarabanek baimendu gabe dauden tokietan gaua igarotzea debekatzea proposatu du udal gobernuak prestatu duen Ordenantza proposamenean. Bakarrik Lizarmeaka, Ordoki eta Belaten autokarabanendako propio prestatutako tokietan gelditu ahal izanen dira gaua pasatzera ordenantza behin-betiko onartzen denean

Ordenantza proposamenaren alderdi aipagarrienak hauek dira: aparkatzeko gehienezko denbora-tartea finkatzen da goizeko 9etatik gaueko 8etara; Baztanen gaua pasatzeko debekua ematen da Lizarmeaka, Ordoki eta Belaten prestatutako tokietan salbu, betiere gehienezko aforoak errespetatuz; eta guzti hori beteko zehapenak finkatzen dira.

Gobernuko taldeek egindako proposamena alderdien artean eztabaidatuko da eta ondotik gainerako herritarren ekarpenetarako tartea irekiko da. Ekarpen guztiekin hasierako onespena emateko agiria prestatuko da eta, horren ondotik, udalak hasierako onespena eman, aldizkari ofizialean argitaratu eta alegazioen epea irekiko da. Bide guztia egin ondotik eta egin beharreko aldaketak eginda, behin betiko onartuko da.

Autokarabanak arautzeko ordenantzari, bailarako ostatu-turistikoak aztertzeko udalak abiatu duen eginahala gehitu behar zaio eta Erratzuko behin-behineko trafikoaren arauketa ere bai. Horiek guztiek eta etorriko direnak turismoa Baztanen sortzen ari den arazoei erantzun nahi diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun