Oronozen gidaria salatu dute kokainan positibo eman eta autoan nabala bat eta metro bateko makila bat eramateagatik

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 13a, 10:30

Toledoko 43 urteko gizon bat da Foruzaingoak atzeman duena eta, jakitera eman dutenez, aurrekari ugari ditu lesio-delituengatik eta indarkeriaz eta mehatxuekin egindako lapurretengatik.

Foruzaingoaren Elizondoko patruila batek gidari bat salatu du Oronoz-Mugairin trafikoaren eta herritarren segurtasunaren arloan hainbat arau-hauste larri eta hagitz larri egiteagatik; hala nola, kokainaren proban positibo emateagatik, 18 cm-ko nabala bat eramateagatik –arma debekatua–, baita metro bateko egurrezko makila bat ere, eta IAT (Ibilgailuen Azterketa Teknikoa) 2017az geroztik iraungita izateagatik.

Foruzaingoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, salatua Toledoko 43 urteko gizon bat da eta aurrekari ugari ditu lesio-delituengatik eta indarkeria eta mehatxuak erabiliz egindako lapurretengatik.

Foruzaingoak bere oharrean azaldu duenez, salaketen zenbatekoa 1.800 eurokoa da eta, drogekin positibo emateagatik, gidabaimenean sei puntu kendu dizkiote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun