Loraldiko sariak eman ditu Arras Baztan fundazioak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 7a, 19:00
Arras Baztan Fundazioak antolatutako Loraldia lehiaketako saridunak eta epaimahaikideak.

Berrogeita hamarna euroko bonuak eta lore bana eskuratu dituzte zortzi saridunek

Etxeetako balkoiak eta leihoak lorez apaintzeko sariketa antolatu du Arras Baztan fundazioak aurten, lehendabiziko aldiz. Loraldia izenekoa, hain zuzen. Denera hamazazpi parte-hartzaile izan dira eta gaur eguerdian Elizondoko Arizkunenean egindako ekitaldian zortzi saridunei sariek eman dizkie fundazioak.

Baztango kuartel bakoitzeko bi sari eman dira. Hauek dira aurtengo saridunak:

Baztangoiza:

Mari Karmen Auzki, Erratzuko Dolaetxea

Nati Irungarai, Azpilkuetako Iribarrenenea

Elizondoa:

Eugeni Telletxea, Maria Azpilkueta karrika, Elizondo

Lidia Petrirena, Erlategi karrika, Elizondo

Erberea:

Sagrario Kordoba, Petrinea (Ariztegi auzoa), Gartzain

Maria Etxenike, Karrika Nagusia, Irurita

Basaburua:

Maria Teresa Ibarra, Migelene (Zigaurre auzoa), Ziga

Ramon Apezetxea, elizaren ondoan, Almandoz

Sari bezala Arras Baztaneko ekoizle, zerbitzu eta komertzioetan erabiltzeko 50 euroko 8 bonu eman dira eta lore bana. Sari guztiek maila bera dute, hau da, ez da lehendabizikorik eta zortzigarrenik. Modu horretan antolatzaileek denen eginahala berdin eskertu nahi izan dute. 

Loraldiarekin Baztango ingurumen kalitatea eta irudia hobetu nahi du Arras Baztanek, egunerokoa gozagarriagoa egiteko. Eginkizun horretan landareek eta loreek bizitzeko herri eder eta atseginagoak egitera laguntzen dutela aipatu du Joseba Otondok, Arras Baztan fundazioko lehendakariak. Halaber, urtez urte hainbertze jendek egiten duen lan isila aitortu nahi izan du fundazioak, herritar horiek egiten duten lanari esker herriak xarmangarriagoak direlako eta herritarren barna alaitzen eta berotzen dutelako. Lan hori egiten duten gehienak emaztekiak direla aski aipagarria da.

Epaile lanetan ari direnak berriz, Juan Mari Artazkoz paisajista; Ramon Lizasoain eta Kristina Arregi Arkupeak elkarteko lorezaintza ikastaroko kideak eta Mikel Sobrino Arras Baztan fundazioko kidea izan dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun