Lekarozko Melitón estudioetan ikastaroa ematen hasi da Oliver Laxe zinemagilea

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 7a, 13:00

Lantegiko ikasleek egindako film laburren hautaketa bat Navarra International Film Festival-eko (NIFF) saio berezi batean aurkeztuko dituzte

Oliver Laxe zinemagileak ‘Filmando en Navarra con Oliver Laxe’ izeneko zinematografia-murgilketako tailerra ematen ari da atzotik hasi eta abuztuaren 15era arte, Lekarozko Meliton estudioetan. Aukera paregabea da trebatzeko eta film laburrak egiteko. Frantziar eta espainiar estatuko 25 profesionalek eta zinemazalek hartzen dute parte: gidoilariak, zuzendariak, aktoreak, irakasleak, diseinatzaileak, publizistak... Guztiek Meliton Estudioez gozatzeko aukera izanen dute, Lekarozko Enpresa Campusean, baita Baztan ibarraren inguru paregabeaz ere.

Hasieran Amerikako eta Europako hainbat herrialdetan bizi diren pertsonak izena eman bazuten ere, pandemiaren ondorioak direla eta, ezin izan dute tailerrean parte hartu.

Oliver Laxek aholkuak emanen ditu grabazio denborei buruzko erabakiak hartzeko, filmaketa proiektuak non eginen diren, pertsonaiak, eta abar. Nahiz eta tailerra Lekarozko campuseko Meliton Estudioen instalazioetan egin, dekoratuak sortzeko denbora falta nabarmena dela eta, pieza laburren errodajeak kanpoaldeetan edo barnealde errealetan eginen dituzte.

Meliton Estudioek eta Nafarroako Nazioarteko Zinemaldiak (NIFF) antolatutako bigarren film-tailerra da, 2019ko maiatzean eta ekainean Oscar saria irabazia duen zuzendari irandarrak emandako ‘Nafarroan Asghar Farhadirekin filmatzen’ tailerraren ondotik.

Laxek emandako tailerreko ikasleek egindako film laburren aukeraketa saio berezi batean aurkeztuko da Navarra International Film Festival, NIFF jaialdian, irailaren 4an, ortziralean, 20:30ean, Iruñeko katedralean. Zinemaldiko epaimahaiaren iritziz, film labur horietako batek Meliton Workshop Contest 2020 eta 1.000 euroko saria jaso ahal izanen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun