Paula Belzunegi

«Atzerrian ikasitakoa Euskal Herrian erakutsi nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 7a, 08:00
«Publikoaren aurrean jotzea esperientzia berezia da». Halaxe aitortu digu Paula Belzunegi piano-jotzaileak.

Paula BELZUNEGI MORENO, piano-jotzailea.

Musikagintzan egindako bidean sakontzen, Basilean (Suitzan) dabil Belzunegi. Irailean piano interpretazio masterra akituta, pedagogia ikasten hasiko da musikari gaztea

Musikaren erritmora eraiki du bere bizimodua «erdi Elizondokoa eta erdi Iruñekoa» den Paula Belzunegi Morenok (1996). Gazterik hasi zen pianoa jotzen eta ordutik zaletasuna eta gaitasuna garatzeko aukera izan du. Iruñetik Londresera jo zuen lehendabizi eta, goi mailako ikasketak akituta, Suitzako Musik-Akademie der Stadt Basel kontserbatorioan masterra egitea erabaki zuen. Bien bitartean, Europan barna egin dituen emanaldiengatik eta irabazi dituen sariengatik, etorkizun handiko piano-jotzailea dela argi erakutsi du baztandarrak. Momentuz, «ikasten eta trebatzen» segitu nahi du, «pedagogia masterra egin eta atzerrian ikasitakoa Euskal Herrian irakasteko».

Iruñeko Nuvo Casinon emanaldia eskainiko du Belzunegik hilaren 13an.

 

Nondik heldu zaizu musikarekiko zaletasun hori?

Etxean musikazaleak dira. Aitaren aldetik, aitatxi Elizondoko Musika Bandako zuzendaria izan zen, zeharkako txirula jotzen zuen; amatxik, berriz, piano karrera egin zuen. Amaren aldetik, aitatxik pianoa eta organoa jotzen zituen eta nire ama zeharkako txirula irakaslea da. Familian musikazalez inguratuta nago. 

Noiz hasi zinen pianoa jotzen ikasten? 

Sei urte nituela hasi nintzen, Iruñeko Joaquin Maia musika eskolan. Betidanik izan dugu piano bat etxean, eta hurbil ikusten nuelako aukeratu nuela erranen nuke... Hasiera oso polita izan zen. Pixkanaka eskolan ikasitakoa plazaratzen hasi ginen. Bederatzi-hamar urterekin ikasle batzuk Andoainera, Donostiara... joaten ginen emanaldiak egitera. Orduko oso oroitzapen politak ditut.

Ikasketak segitzeko Londresera joan zinen. Zergatik Londres?

Londres kulturalki punta-puntako hiria da eta bertako kontserbatorioak munduko onenetarikoak dira. Hango kontserbatorio batean sartzeko probak egiten saiatu nintzen, bi azterketa egin nituen eta horiek pasatzea lortu ondotik,  ez nuen aukera galdu nahi izan. Halaxe joan nintzen Londresera, Nafarroako Kutxa Fundazioaren laguntzarik esker, piano karrera ikastera.

Ez da erraza izaten proba horiek gainditzea...

Ez... Zaila da eta lan handia egin behar da, baina nahi izanez gero lor daiteke...

Hamazazpi urte besterik ez zenituen ikasketak kanpoan egitea erabaki zenuenean. Erabakia hartzea zaila izan zen?

Ez, erabakia hartzea ez zen zaila izan,  gogo handia nuen eta pentsatu gabe joan nintzen. Baina han nintzela etxekoen eta ingurukoen falta izan dudanik ezin dut ukatu. Dena den, etxetik aterata asko ikasi dut.   

«Sariek indarra ematen dute baina garrantzitsuena ikasitakoa da»

Zer alde nabaritu zenuen Iruñetik Londresera? 

Alde handia nabaritu nuen. Londres oso-oso hiri handia da. Lau urtez egon nintzen eta zati txiki bat besterik ez dut ezagutu. Kulturalki oso aberatsa da, egunero kontzertuak daude, orkestra guztiak eta piano-jotzaile onenak handik pasatzen dira... 

Hasieran zer izan zen zailena?

Lehenbiziko urtean ingelesarekin zailtasunak nituen, ez da gauza bera Iruñean ikastea eta hara joatea. Azentu hori ulertzea hasieran kosta egin zitzaidan... Baina, poliki-poliki ohitu nintzen.

Orain masterra egiten ari zara Basilean (Suitzan)…

Bai, halaxe da. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari esker, Suitzan piano interpretazio masterra egiten ari naiz, pianoko klaseak ditut irakasle oso-oso on batekin, ganbera musika, duoa eta hemen famatua den eskola cantorumarekin antzinako musika ikasi dut... 

Nolakoa da egunerokoa Suitzan?

Aste batetik bestera aldakorra da, irakasle batzuk ez direlako hemen bizi. Baina egunero joaten naiz kontserbatoriora. Kontzerturen bat dudanetan sei ordu edo gehiagoz aritzen naiz. Deus ez badut, berriz, egunean lau bat ordu pasatzen ditut.

Euskal Herriarekiko kontrastean, kultur atxikimenduan alderik sumatu duzu Basilean?

Euskal Herri osoko kulturgintzaren berri ez dut baina Elizondon eta Iruñean ez bezala, Basilean kultur ekitaldiek duten presentzia ikaragarria da. Egunero daude kontzertuak eta jende asko joaten da ikustera. Astero joaten naiz lagunekin kontzertu batzuetara.

Zer ekarpen egin dizu ikasketak etxetik kanpo gauzatzeak?

Gurasoen etxetik ateratzeak jendea ezagutzeko, kulturen berri izateko eta mundua ikusteko aukera eman dit. Akademikoki ere aberatsa izan da. Irakasleak kanpoan ibili dira eta eskola askotako pentsamenduak ezagutzen dituzte. Hori guztia jasotzea aberastasun handia da. Adrian Oetiker eta Anton Kernjak irakasleei esker asko ikasi dut.

Etxean egon behar izan garen denboran, nola moldatu zara ikasketak aitzinera eramateko? Euskal Herrira bueltatu zinen?

Martxoaren 7an Elizondon kontzertu bat izan nuen eta 8an Basileara bueltatu nintzen. Koronabirusa tarteko, martxoaren 17an berriz  etxera bueltatu nintzen eta klaseak etxetik segitu nituen. Ez da erraza izan, musika aurrez aurre lantzea eta pantaila bidez egitea ez baita gauza bera. Saioak hastearekin batera, ekain bukaeran berriz ere Basileara itzuli nintzen. Uda Euskal Herrian pasatu dut eta orain, abuztuan, berriz bueltatuko naiz. Aurten lehenago hasiko ditugu klaseak, normalean irailean hasten ditugu baina egoeragatik galdutakoa berreskuratuko dugu.

Masterra akitzear duzu... Zer da falta zaizuna?

Azken azterketa handia, bukaerako errezitala, irailean izanen dena. Azkena izan arren, oso garrantzitsua da. Hasieran publikorik gabe eginen genuela esan ziguten, orain, berriz, gauzak hobe daudenez ikusleak sartzeko aukera izatea espero dugu. Oso tristea da ordubeteko kontzertu garrantzitsu bat prestatzea inor ez egoteko.

Abuztuan kontzertu bat duzu Iruñean… Zerbait aurreratuko zeniguke?

Bai, Iruñeko Nuevo Casinon joko dut, abuztuaren 13an. Azken errezitaldi-probaren aurrerapena izanen da. Azken kontzertu hori beste birekin joko dut baina kasu honetan etortzerik izanen ez  dutenez, egokitu eginen dut.

«Abuztuko kontzertua azken errezitaldiaren aurrerapena da»

Gaztea izan arren, dagoeneko baduzu eskarmentua. Kontzertuei esker, hainbat toki ezagutzeko aukera izan duzu...

Europan ibili naiz, herrialde nahiko ezagutzeko aukera izan dut: Portugal, Ingalaterra, Italia, Polonia, Alemania.... Espainiar estatuan ere hiri asko ezagutu ditut.

Baduzu egunen edo emanaldiren bat bereziki oroimenean gordeko duzuna?

Nire lehen emanaldia, Iruñean izan zena, Pablo Sarasate Goi mailako kontserbatorioan, 2013ko apirilaren 10ean. 

Sari andana ere irabazi dituzu. Nola bizi dituzu sariketak? Zer balio dute sariek zuretzat?

Bai, sari batzuk bai irabazi ditut. Donostiakoak, Andoaingoak... Sariek aurrera egiteko eta gehiago prestatzeko bultzada ematen dute eta ateak irekitzen dituzte. Dena den, prozesuan ikasitakoak balio handiagoa du.

Gaztea izanagatik, sari andana irabazi ditu Paula Belzunegi piano-jotzaileak.

 

Zergatik merezi du lan hori guztia egiteak?

Oholtzara igo eta publikoaren aurrean jotzeko aukera izatea esperientzia berezia da. Musikan hori gabe aritzea ez litzateke gauza bera izanen eta horretarako ezinbestekoa da gogotik lan egitea.

Aurrera begira, zein da zure asmoa?

Gehiago ikastea gustatuko litzaidake. Gero Euskal Herrira bueltatu eta atzerrian ikasitakoa erakustea. Irakaskuntzan dut begia, irailean master pedagogikoa ikasiko dut. Beste bi urtez Basilean egonen naiz, irakasle berarekin eta ondotik itzuliko naiz.

 

LABURREAN

Zeure burua hitz gutxitan.

Langilea, lagunen laguna eta bizitzaz gozatzen duena.

Kontzertu egunetan... maniarik baduzu?

Ongi prestatuta joatea eta emanaldiaren aurretik poliki errepasatzea.

Piano-jotzaile on batek behar dituen ezaugarriak?

Ikasia, talentuduna eta presioa eramateko gai dena. Irakasle onak izatea eta familiaren babesa edukitzea ere garrantzitsua da.

Piano jotzaileren bat?

Socolov, Krystian Zimerman...

Emanaldia eskaintzeko toki bat?

Baluarten jotzea ametsa egia bihurtzea litzateke.

Musika ez den zaletasunik?

Kirola egitea, hizkuntzak ikastea, irakurtzea...

Irakurri duzun azken liburua?

El siglo de las luces.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun