Baztan-Bidasoaldeko alkateekin bildu da Maria Chivite presidentea

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 5a, 08:00

Covid-19ren aitzinean, adierazi die konpromisoa duela lurralde-kohesioarekin eta koordinazioarekin, eskualdez eskualde egiten ari den itzuliarekin segitzeko

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak bilera bat egin zuen atzo Baztan-Bidasoaldeko hamabortz bat alkaterekin Baztango Balleko Etxean, Covid-19k inguruan eragindako ondorioak eta eskualdeko beharrak bertatik bertara ezagutzeko. Nafarroako geografia osoan zehar egiten ari den topaketen barrenean kokatzen da bilera, eta  joan den astean egin ziren lehenak Tafallan eta Tuteran.

Izan ere, atzo, Maria Chivite Erronkarira ere joan zen, eta hogei bat alkaterekin bildu zen. Bi bileretan, lehendakariak alkateen lana eskertu zuen, bai eta herritarrekiko «konpromisoa» ere, «bizi ari garen egoera zail honetan, batzuetan neurri zailak hartu beharrez». Gainera, Chivitek udal-ordezkariekin partekatu zituen pandemiaren inguruko ardurak, eta erakundeen arteko koordinazioa indartzeko beharra azpimarratu zuen, Covid-19 agerraldi gehiago aurkeztea saihesteko segurtasun- eta prebentzio-neurrien aplikatzeko.
Nafarroako Gobernuak «kohesioaren eta nazioarteko egituraketaren alde» egin duen apustua helarazteko ere balio izan dute topaketek. Ildo horretan, Lehendakariak tokiko eskaera batzuei buruzko informazioa jaso zuen topaketa horietan, adibidez, landa-eskolak bultzatzearen eta babestearen garrantziari buruzkoa. «Herri eskolaren alde egin behar dugun apustu horren berri eman digute», adierazi zuen Maria Chivitek, eta «Gobernu bezala argi dugu hori», gaineratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun