Arria V.a eta Izeta VI.a izan ziren azkarrenak I. Binakako Euskal Pentatloian

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 3a, 19:00
Xabier Urrutia arraioztarra lasterka, ortziralean Tolosako zezen-plazan jokatu zen I. Binakako Pentatloian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Xabier Urrutia arraioztarra laugarren izan zen, Julen Kañamaresekin batera

I. Binakako Euskal Pentatloia Xabier OrbegozoArria V.aketa Andoni IruretagoienaIzeta VI.akirabazi zuten uztailaren 31n, Tolosako Zezen plazan. Egin beharreko lanak 40 minutu eta 58 segundoan akitu zituzten, Kepa Peñagarikano eta Joxean OlaskoagaAizperrobikotearen aitzinetik sailkatuz. Eskualdeko kirolari bakarra, Xabier Urrutia arraioztarra, laugarren izan zen, Julen Kañamaresekin bikote eginez.

Hiru txandatan banatuta plazaratu ziren zazpi bikoteak, eta guztietan azkarrenak azken txandan plazaratu ziren Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a izan ziren.

40 aldiz 100 kiloko bola altxatu behar izan zuten hasteko. Jarraian, giza proban lau plaza egin, eta lau kana-erdiko moztu ondotik, 50 kiloko bi txingekin 8 plaza egin behar izan zituzten, eta bukatzeko, lau kilometro korrika, hau da, ehun itzuli eman zizkion bikote bakoitzak plazari. Hori bai, proba bakoitzean bikoteko kide batek gutxienez %40a egin behar izan zuen.

Arria V.ak eta Izeta VI.ak 40 minutu eta 58 segundoan bukatu zituzten lan guztiak. Korrika azken itzuliak ahalik eta azkarren bukatzen saiatu ziren, bigarren sailkatu diren Kepa Peñagarikano eta Joxean Olaskoaga Aizperro-ren denbora jakinda. Hauek, bigarren sailkatuek, 41 minutu eta 53 segundoan gelditu zuten erlojua. Lehen txandako onenak izan ziren.

Lehen txandan, Luis Txapartegiren ordez, Jokin Eizmendi aritu zen Jagoba Otaegirekin batera, eta hirugarren bikotea, Julen Kañamares eta Xabier Urrutia nafarrek osatua izan da. Nafarrek, 49 minutu eta 42 segundoan bukatu zuten beraien lana, eta Eizmendi eta Otaegik 54 minutu eta 07 segundo behar izan zituzten.

Bigarren txandan, Beñat Amade eta Osman Drame bizkaitarrak, eta Xabier Zaldua eta Jon Gisasola Zelai V.a bikoteak aritu ziren. Bigarren bikoteak bukatu zituen azkarren lanak, 43 minutu eta 22. Hauek, podiumeko hirugarren postua eskuratu zuten. Amade eta Dramek, berriz, 50 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten.

Azken eta hirugarren txandan erabaki zen guztia. Xabier Orbegozo Arria V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza bikoteen txanda izan zen. Mugertzak, aizkorako lanak egin ondotik  lehia bertan behera uztea erabaki zuen. Arria V.a eta IzetaVI.ak lanak ongi egin zituzten, eta korrika lasai hasi baziren ere, azken bueltak erlojuaren aurka egin zituzten garaipena poltsikoratzeko.

 

Sailkapena: 

  1. Xabier OrbegozoArria V.aketa Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 40 minutu 58 segundo
  2. Kepa Peñagarikano eta Joxean OlaskoagaAizperro: 41 minutu 53 segundo
  3. Xabier Zaldua eta Jon GisasolaZelai V.a:43 minutu eta 22 segundo
  4. Julen Kañamares eta Xabier Urrutia:49 minutu eta 42 segundo
  5. Beñat Amade eta Osman Drame:50 minutu 25 segundo
  6. Jokin Eizmendi eta Jagoba Otaegi:54 minutu eta 07 segundo
  7. Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza.Utzi egin behar izan dute lehia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun