Arraioz Sagardia nagusitu da 2020ko Baztan-Errekako laxoa kopan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 3a, 09:00

Abuztuaren 1ean etxean jokatutako finalean 3-9 irabazi zion Irurita Migueleneri

Abuztuaren 1ean, larunbat arratsaldean jokatu zen 2020ko laxoa kopako finala. Finala, iazko txapeldun izan zen Irurita Miguelene eta etxean jokatzen zuen Arraioz Sagardiaren artean jokatu zen. Partida borrokatua izan zen hasieran, baina azkenean arraioztarrak erraz nagusiru ziren, 3-9. Argazkiak: Juan Mari Ondikol


Iruritarren aldetik Xabi Barberena sakatzaile, Gorka Urtasun numero, eta Egoitz Prim eta Iñaki Etxandik kuarto bezala jokatu zuten. Arraioztarren aldetik, Mikel Mindegia sakatzaile, Xabi Mihura numero, eta Jon Gamio eta Miguel Maritorena kuarto bezala jokatu zuten. 

Txuma Prim aritu zen marrazain eta Urki Etxandi (Arraioz) eta Xabi Ripa (Irurita) izan ziren epaile, inolako arazorik gabe.

Partiduak arras hasiera borrokatua izan zuen. Ia ordu bat kosta zen markagailuan 1-2koa jartzea arraioztarren alde. Iruritarrek berdinketa lortzeko aukera galdu zuten, eta hortik aurrera, arraioztarren nagusitasuna etorri zen.

Mikel Mindegiak mailua atera zuen eta sakeak estrakarat sartzen hasi zen. Gutxinaka markagailuan abantaila hartzen joan ziren. Estrakatik pilota ateratzeko Gorka Urtasunek egiten zituen ahalegin guztiak Miguel Maritorenak, Jon Gamiok eta Xabi Mihurak deuseztuak ziren. Arraiozko hirukotea erne ibili zen bigarren jokaldi guztiak gelditu edo errematatzeko.

Iruritarrek ez zuten amore eman, eta bonbitez sakatuz, tanto batzuk egitea lortu zuten. Hala ere, arraioztarrek bere lanean kontzentraturik jarraitu zuten, markagailuan 3 eta 6koa jarriz. 

Azkenean, arraioztarrak goiti etorri ziren eta ez zuten ezustekorako aukerarik eman, markagailuan bukaerako 3-9koa ezarriz. Beraz, Arraioz Sagardia izan da aurteko laxoa kopako txapelduna.

Partidua eta gero, sari banaketa izan zen, partidan bezalaxe, segurtasun neurri guztiak betez. Arraioztarrek beren txapela eta garaikurrak jaso zituzten Xabi Maia, Baztango udal zinegotziaren eta Joxelu Retegi Arraiozko alkatearen eskutik eta iruritarrek, beraien sariak, Jose Mari Ayerdi Nafarroako Gobernuko ordezkariaren eta Joxe Artetxe, Pilotarien Batzarrako presidentearen eskutik. Eskertzekoa partida ikustera agertu zen jendea eta beren jokabidea, arauak errespetatuz eta plazan giro ederra jarriz. Tartean izan ziren Iparraldetik eta Gipuzkoako Villabonatik etorritako ikusleak, baita Valentziako Joc de Pilotako ordezkariak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun