Arraioz Sagardiak eta Irurita Miguelenek jokatuko dute laxoa kopako finala abuztuaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 31a, 13:30
Duela lau urte garaile izan ziren iruritarrak Arraiozko plazan.

Arraiozko plazan izanen da hitzordua, larunbatean 17:00etan

Arraioz Sagardia eta Irurita Miguelenek jokatuko dute Baztan-Erreka laxoa kopa txapelketako finala abuztuaren 1ean, larunbatean 17:00etan Arraiozko plazan. Biek Doneztebeko taldeak kanporatu zituzten finalerdietan.

Beraz, etxeko taldea, Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia sakatzailea, Xabier Mihura numeroa,  eta Jon Gamio eta Miguel Maritorena kuarto lanetan) eta Irurita Miguelene (Xabi Barberena sakatzaile, Gorka Urtasun numero, eta Egoitz Prim eta Iñaki Etxandi kuaarto bezala) izanen dira parez pare, larunbatean.

Arraioztarrentzat final berezia izanen da aurtengoa. Urteak daramatzate talde indartsua direla erakusten, ohikoa bihurtu da final erdietan beren izenak ikustea urtez urte. Aurtengoan, aldiz, finala jokatzeko eskubidea irabazi dute, eta ziur herriko plazan jokatuta, txapela lortzeko aukera aprobetxatu nahiko dutela.

Iruritarrek, berriz, bosgarren finala dute azken sei urteetan. Duela lau urte garaile sortatu ziren plazara itzuliko dira. Orduan Doneztebeko taldea zuten aurkari, oraingoan, berriz, herriko Arraioz Sagardia dute. Azken urte hauetan talde gutxi izan dira Irurita Miguelenekoak garaitu dutenak, hortaz, azken bortz urteetan lau txapel lortu dituzte. Seguru bosgarrena ere nahi izanen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun