Multilvera taldearekin Bigarren B mailan jokatuko du Javier Urrutia elizondoarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 31a, 11:00
Baztan futbol taldeko Javier Urrutia (eskuinean) eta Peña Sport taldeko Marcos Mendes izan ziren 2018-19 denboraldiko golegile nagusiak hirugarren mailan, 28na golekin. Argazkia: Ondikol

Baztan Futbol Taldearekin hirugarren mailako golegile nagusia 2018-2019 denboraldian

CD Baztan KEk jakinarazi du Javier Urrutia Karrikaburuk ez duela Baztan Futbol taldean segituko, 2. B mailako U.D. Mutilvera izanen da bere talde berri. Jubeniletan Oberenan Liga Nazionalean jokatu bazuen ere, bere kirol ibilbide osoa Baztanen egin du Urrutiak eta 2018-2019 denboraldian hirugarren mailako golegile nagusia izan zen, 28 golekin. Denboraldi honetan ere 14 gol eginak zituen, martxoan konpetizioa gelditu zen arte.

Urrutiak adierazi duenez, «gan den urtean Kroaziako lehen mailako talde baten eta Mirandesen eskaintzak izan nituen, baina arras baztandarra naiz eta ez nuen planteatu ere egin. Mutilverako entrenatzailearekin harreman ona dut eta berak konbentzitu nau oraingoan proba egiteko, nere buruarendako erronka bat da».

Baztan futbol taldeak agur-ohar hunkigarria hedatu du sare sozialetan: «Javier, 6 urterekin hasi zinen baloiari lehenbiziko ostikoak ematen, familia futbolzale batetik etorria, eta berehalaxe ikusi zen futbola zure pasioa izanen zela. Nortasun haundiko jokalaria, aurrelaria, golegilea, segur aski gure taldearen historiako hoberenetakoa. Ikaragarrizko "bihotza" duena, gure harrobiko jokalariak eredu bezala begiratzeko ispilua.

"Pabiloia" arras altu utzita joaten zara eta jakin ezazu taldeko kide guztiak (zuzendari, jokalari, kolaboratzaile, etab.) zure proiektu berri honengatik aunitz pozten garela, arront ongi joatea espero dugu!

Aski ongi dakizu CD Baztan KEko ateak beti zabalik izanen dituzula. Erronka berri eta polit honetaz gozatu!! Zorionak "pitxitxi"!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun